Dozenaka manifestari hil dituzte Kenyan, zerga igoeren aurkako protestetan

Oposizioko buru Raila Odingak antolatu ditu mobilizazioak, gobernuak hartutako erabaki ekonomikoen harira. Poliziak 300 lagundik gora atxilotu ditu

Manifestariak aste honetan zerga igoeren aurka egindako protestetan, Nairobin, Kenyan. DANIEL IRUNGU / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Kenyako Gobernuak iragarritako zerga igoeren harira, oposizioko buru Raila Odingak hiru eguneko mobilizaziora batzeko deia egin zuen asteartean, eta atzo izan zuten azken protesta eguna. Halere, Odingak ohartarazi zuenez, mobilizazio gehiago antolatuko dituzte datozen asteetarako. «Finantza lege hori hilkutxako azken iltzea izango da. Indarrean jartzen badute, kenyarrak zergen esklabo izango dira», azpimarratu zuen atzo.

Gutxienez sei lagun hil, ehunka zauritu eta hirurehundik gora atxilotu dituzte aste honetako protestetan —atxilo eramandakoen artean daude oposizioko alderdietako bederatzi kide—. Gainera, nazioarteko zenbait GKE gobernuz kanpoko erakundek salatu dutenez, Polizia «gehiegizko indarkeria» erabiltzen ari da manifestarien aurka. Izan ere, joan den astean hamalau pertsona hil ziren protestetan —Poliziak tiro eginda hil ziren horietatik hamar—, eta, martxoan mobilizazioak hasi zituztenetik, 30 herritar baino gehiago hil dituzte tiroz. Are, herrialdeko hedabideen arabera, Polizia negar gasa erabiltzen ari da manifestarien aurka; baita protestetara hurbildu ere egin ez direnen aurka ere. Asteazkenean, adibidez, Poliziak negar gasa jaurti zuen Nairobiko ikasgela batera, eta 50 haur baino gehiago eraman behar izan zituzten ospitalera.

Protestarik jendetsuenak Nairobin egiten ari dira, baina herrialde osora zabaldu dira, hala nola Kisumura —mendebaldean—, Mombasara —hegoaldean— eta Nakurura —erdialdean—. Ehunka zauritu eta dozenaka hildako izan dira zergen igoeraren aurkako protestetan, baina, Azimio la Umoja oposizioko koalizioko kide Opiyo Wandayiren arabera, mobilizazioak «oso arrakastatsuak» izan dira orain arte. «Eskerrak eman nahi dizkiegu Kenyako herritarrei, erregimen drakoniar honek ezarritako zergen inguruko haserrea adierazteagatik».

Herritar askok, ordea, ez dute esker hitzik izan oposizioko buruarentzat. Izan ere, Odingak ez du parte hartu berak antolatutako mobilizazioetan. Horrexegatik barkamena eskatu zuen atzo oposizioko buruak: «Sukar handia izan dut egun hauetan, eta ohetik ezin mugitu egon naiz. Pixkanaka indarberritzen ari naiz orain».

Bien bitartean, AEB Ameriketako Estatu Batuek bultzatuta, bi aldeei elkartzeko deia egin zieten atzo Kenyan dauden atzerriko hamahiru diplomazialarik, eta prest agertu ziren eztabaidetan bitartekari gisa parte hartzeko. Eskaerari erantzunez, Kenyako presidente eta zergen igoeraren sustatzaile William Rutok esan zuen «prest» dagoela Odingarekin hitz egiteko, baina ez duela «inola ere» oposizioarekin batera gobernatuko. Edonola ere, harritzekoa litzateke halako akordiorik hitzartzea, atzo Odingak ere argi utzi baitzuen ez direla «inoiz» Rutorekin eta haren taldearekin batera izango agintean.

Lege proiektua aurkeztu zutenetik, bi mobilizazio handi antolatu ditu oposizioak. Zerga igoeraren aurka egiteaz gain, Afrika ekialdeko bizitzaren garestitzea salatu dute manifestariek, baita iaz Kenyako presidentetzarako hauteskundeetan «iruzurra» egin izana ere. Rutok lortu zuen babes gehien, baina alde txikia atera zion oposizioko buruari: botoen %50,49 eskuratu zituen presidenteak, eta %48,85 Odingak.

Bizitza garestitu egin da

Rutok ekainaren 26an onartu zuen Zerga Igoeraren Finantza Lege proiektua. Berez, zergen igoerek uztailaren 1ean sartu behar zuten indarrean, baina Nairobiko auzitegi batek behin-behinean eten zituen igoerak, oraindik legearen inguruko zenbait prozedura juridiko osatzeko daudelako. Edonola ere, igo egin dituzte petrolio produktuen zergak, eta, ondorioz, litekeena da garraio publikoa ere garestitzea. Hain justu, lege proiektu horrek %1,5 igoko du etxebizitzaren gaineko zerga, eta %8tik %16ra petrolio produktuena. Are, %16 igoko duaseguru konpainiek Polizia agenteei konpentsazio gisa ematen dieten diruaren BEZ balio erantsiaren gaineko zerga.

Presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan, Rutok zin egin zuen bizitzaren garestitzearen aurkako neurriak hartuko zituela. Baina presidente kargua hartzearekin batera —irailean izendatu zuten gobernuburu—, 54 mila milioi euroko zorra ere hartu zuen bere gain. Orduan, erregaien diru laguntzak kendu zituen, eta oinarrizko produktuen prezioak nabarmen igo ziren, hala nola ogiarena eta irinarena.

Oldarraldiak oldarraldi, Rutok mezu irmoa helarazi zion atzo oposizioko buruari: «Protestek ez dute tokirik hemen. Entzun arretaz: ezin dituzu konstituziotik eta bide judizialetik kanpoko baliabideak erabili Kenyako Gobernuaren agintea eskuratzeko. Itxaron 2027. urtera arte, eta berriz irabaziko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.