«Espero baino parte hartze handiagoa izan da. Azkenean, Italiako herria esnatu eta Europari begira jarri da». Giorgio Cremaschi gustura agertu zen kazetarien aurrean, No Monty Day protesta egunaren antolatzaile gisa. Mario Montiren gobernu teknokrataren politiken kontra Erroman egindako manifestazio jendetsuaz ari zen. 150.000 lagun, haien kalkuluen arabera. Eta 30.000 espero zituzten. «Gobernu honek bankaren eta finantzarien interesak babesten dituela eta herritarrak hondoa jotzera daramatzala konturatu da jendea», zioen USB sindikatuko buru Emidia Papik.
Aldez aurretik jakinekoa zen 300 autobusetan helduko zela jendea manifestaziora. Aldez aurretik jakinekoa zen, baita ere, segurtasun neurri handien artean egingo zela manifestazioa, mila polizia mobilizatuko zituztela.
Deitzaileen artean, irakasle eta ikasle elkarteak, ezkerreko alderdiak, sindikatuak, gobernuz kanpoko erakundeak eta beste hainbat eragile zeuden. Lasai egin zuten Errepublika plazatik San Giovanni plazarainoko ibilbidea manifestari gehienek, Altxatzen den Europarekin, eraits dezagun Monti gobernua pankarta nagusiaren atzetik. Gutxi batzuek, berri agentzien arabera, pintura, petardoak eta botilak bota zizkieten banketxe eta denda zenbaiti.
Berlusconi ere, aurka
Laster beteko da urtebete Silvio Berlusconik lehen ministro kargutik dimisioa eman zuela. Orduan, Italia astintzen ari zen krisiari aurre egiteko eratu zuten Montiren teknokrata gobernua. Gobernu horren aurka jo zuen atzo Berlusconik, murrizketek eta austeritate neurriek «atzerakada» eragin dutela eta Italian «zerga xantaia» moduko bat indarrean dagoela nabarmenduta.
Herenegun, Milango Zigor Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra, hiruko inhabilitazioa eta 10 milioi euroko isuna ezarri zizkion Berlusconiri. Epai horri erantzuteko prentsaurrekoan, atzo egin zituen Montiren aurkako adierazpenok Cavaliere-ak. «Eskandalagarria da» epaia, haren esanetan. «Behartuta nago politikan segitzera, herritarrei gerta ez dakien niri gertatu zaidana».
Dozenaka mila lagun elkartu dira Erroman Montiren politiken aurka
Silvio Berlusconik ere Italiako egungo agintarien aurka jo du, eta politikagintzan segituko duela iragarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu