Dozenaka zibil hiltzea leporatu dio HRWek Siriari

Desagertuta dauden 22 herritarrak non dauden azaltzeko eskatu dio Damaskori Amnesty Internationalek

Jon Fernandez.
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
HRW Human Rights Watch erakundeak azken hiru asteotan Alepon «dozenaka zibil» hil izana leporatu dio Siriako armadari. HRWen arabera, gutxienez hamar okindegi bonbardatu ditu armadak, eta, ondorioz,«ogia erosteko ilaran zeuden dozenaka zibil» hil ditu. Damasko «bereizi gabeko indarkeria» erabiltzen ari dela erakusten du horrek, HRWen arabera. Erasoetako bat hilaren 16an izan zen, Alepon, eta gutxienez 60 lagun hil ziren, erakundearen arabera.

AI Amnesty Internationalek, bestalde, duela hemezortzi hilabetetik, Baxar al-Assaden kontrako protestak hasi zirenetik, galduta dauden 22 herritarrak non dauden argitzeko eskatu dio Damaskori. «Behartutako desagerpena Siriako erregimenaren ohiko tresna izan da azken urteetan. Milaka ekintzaile eta disidenteri modu selektiboan eraso egiteko erabili izan du», salatu du erakundeak agiri baten bidez. Nolanahi ere, behartutako desagerpenak munduko herrialde askotan gertatzen direla gogorarazi du AIk: joan den martxoan 42.759 lagun zeuden desagertuta 82 herrialdetan. Atzo, hain justu, Behartutako Desagerpenen Biktimen I. Nazioarteko Eguna antolatu zuen NBEk.

Hegazkin bat eraitsi dute

Siriako Giza Eskubideen Behatokiak, berriz, zeinak egoitza Londresen duen, salatu du armadak atzo gutxienez hogei lagun hil zituela, adinbakoak tartean. Idlib probintziako Abu Duhur hirian izan dira hilketa guztiak. Izan ere, armadaren eta Siriako Armada Askearen arteko borrokak izan ziren atzo hiri horretako aireportuan eta inguruetan. Oposizioak jakinarazi duenez, Siriako Armada Askeak Mig gerra hegazkin bat bota zuen lurrera, Errusian eraikitako hegazkina. Bi pilotuek hegazkinetik salto egitea lortu zuten, baina oposizioko talde armatuek tiroz hil zituzten. Nazioarteko informazio agentziek ezin izan dute egiaztatu bertsio hori, eta Damaskok ez du ez baieztatu ez ukatu Siriako Armada Askeak esandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.