Bi aldeak 2012ko urrian hasi ziren Kolonbiako gatazka amaitzeko irtenbidea negoziatzen. Haren oinarrian dauden bi gairen inguruan lortu dituzte jada akordio orokor batzuk: lurraren jabetzaren eta erabileraren inguruan (iazko maiatzean), eta gerrillaren parte hartze politikoaren inguruan (iazko azaroan). Narkotrafikoaren auzia ebatzi ondoren, gatazka armatua amaitzea, biktimen eskubideak bermatzea eta akordio guztiak indarrean jartzeko mekanismoak adostea faltako zaie.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak nabarmendu du agendaren erdia negoziatuta dagoela jada, eta prozesua urte amaierarako burura eramatea espero dutela. Bi erakundeetako ordezkariak Habanan negoziatzen aritu diren bitartean, Kolonbian ere prozesu zabal bat abiatu du gizarte zibilak. Alde batetik, negoziazio agendako puntu bakoitzaren inguruko eztabaida foro jendetsuak antolatu dituzte, eta haietatik irtendako ondorioak Habanako mahaiari helarazi dizkiote gero. Bestetik, hainbat sektorek mobilizazio handiak egin dituzte azken hilabeteotan gobernuari presio egiteko; besteak beste, nekazariek. Santosentzat, prozesu hau horregatik da berezia: inoiz baino babes zabalagoa daukalako. “Sarritan eszeptiko agertu izan diren sektoreen babesa daukagu”, adierazi du aste honetan BBC kateari emandako elkarrizketa batean: “Indar militarrak ere ari dira parte hartzen. Armadako bi jeneral ditut negoziatzaile taldean; sekula ez da halakorik gertatu”.
Negoziazio prozesua hasi zenean, FARCek su-etena eman zuen. Bogotak, aldiz, operazio militarrei eutsi die: Santosek argudiatzen duenez, negoziazio prozesuaren printzipioetako bat da “ezer ez dagoela adostuta dena ez badago adostuta”, eta, beraz, gobernua ez dago ezertara behartuta negoziazio prozesua amaitu arte. Ivan Marquez FARCeko negoziatzaile buruak berriki aitortu du politika horren ondorioz “baikortasun moderatuz” doazela Habanara: “Orain arte, ez dituzte hilketak gelditu, herri mugimenduetako buruzagiei jazartzen zaizkie, eta berdin atxiloketa eta gizarte protesten kriminalizazioarekin”. Desarmatzea hurrengo atalean eztabaidatuko dute, baina gerrillako ordezkariak iragarri du zein den bere baldintza: “Paramilitarismoa guztion begien aurrean desaktibatu behar da”.
Legez kanpoko bizibidea
Kolonbiako Gobernuak politika gogorrak erabili ditu azken hamarkadetan narkotrafikoaren aurka: bide militar eta paramilitarretatik ahalegindu da kartel nagusiak suntsitzen, eta legez kanpoko substantzien trafikoa aitzakia gisa erabili du gerrillaren aurka ere egiteko. Negozio horren guztiaren lehenengo kate-begia legez kanpoko erabilerarako gaien laborantza da, eta Bogotak landa politika zorrotzak abiatu ditu hura saihesteko. Auziak gatazkaren erdigunean ipini ditu nekazariak, haietako asko euren lurretatik bota edo kriminalizatu dituztelako drogetarako gaiak landatzea egotzita; horregatik, bake akordioetan arreta berezia eman diote legez kanpoko substantzien auziari.