Iraken okupazioa

Duela hiru urte inbasioa hasi zenetik 33.000 zibil baino gehiago hil dira

Gaur duela hiru urte abiatu zen Irakeko okupazioa soldadu estatubatuar eta britainiarrak buru zirela. Orain hiru urteko martxoaren 17an, ultimatuma eman zuen George Bush AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta 20an erasoa hasi zuen. 2003ko martxoaren 20az geroztik milaka zibil hil dituzte Iraken. Zenbaki zehatzak ematea ezinezkoa den arren hainbat erakunde independenteren arabera hiru urteren buruan hildako zibilen kopurua 33.000 eta 38.000 artekoa izan da.

2006ko martxoaren 20a
20:08
Entzun
Iraq Body Count webgunearen arabera okupazio indarrek Irak hartu zutenetik gutxienez 33.679 zibil hil dira. Bigarren datu bat ere ematen du Iraq Body Count erakundeak; zenbaketa goitik eginda 37.795 izan dira hildakoak. Erakunde honek, sareko hedabide ugari aztertu eta bertatik ateratzen ditu datuak.

Bestalde, Iraq Coalition Casuality Count web orrialdearen arabera 2.318 soldadu estatubatuar eta 103 britainiar hil dira Iraken, duela hiru urte gerra abiatu zenetik. Era berean, koalizio militarreko kide izan diren beste hainbat herrialdeetako 104 soldadu hil dira.

2003ko maiatzaren batean gerra amaitutzat jo zuen Bushek. Hala ere, asteburu honetan Bagdadeko gorputegiko azken datuak erabiliz hainbat datu zabaldu ditu Iraq Body Count orrialdeak. Horien arabera, Bushen hitzetan gerra amaitu zen egunetik hona, hildakoen kopurua hazi besterik ez da egin:

2003ko maiatzaren 1etik, 2004ko martxoaren 19ra: 6.331 lagun hil ziren

2004ko martxoaren 20tik, 2005eko martxoaren 19ra: 11.312 zibil hil ziren

2005eko martxoaren 20tik, 2006ko martxoaren 19ra: 12.617 zibil hil dira

Azken urtea izan da, beraz, okupazioa hasi zenetik izan den urterik odoltsuena. Datu horien arabera, gerraren lehenengo urtean batez besteko 20 lagun hiltzen ziren egunean. Bigarren urtean kopuru hori 31ra igo zen eta azken urte honetako datuen arabera egunean 36 lagun hiltzen da batez beste. Hala ere, Iraq Body Count webguneko datu horietan ez dira kontutan hartu, "mezkiten gerra" izeneko horretan hil diren zibilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.