Duela hiru urteko izua berpiztu dute Bombayko azken erasoek

Indiako finantza hiriburuko hiru auzotan bonbak leherrarazi eta gutxienez 21 lagun hil dituzte; zaurituak ehundik goiti diraAgintariek ez dute 2008ko erasoekin alderatu nahi izan; 160 lagun inguru hil ziren

mikel rodriguez
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
2008ko azaroaren 26ko mamuak berpiztu ziren atzo Bombayn. Jendez betetako hiriko hiru gunetan leherketak izan dira, eta gutxienez 21 lagun hil dira. Zaurituak, berriz, ehundik goiti dira Indiako agintarien arabera. Palaniappan Chidambaran Barne ministroak erran du lehergailu bidez eginiko «atentatu terrorista» izan dela. Bombayn alerta gorena ezarri dute agintariek, eta New Delhi hiriburua, Calcutta eta gainerako hiri nagusiak ere alerta egoeran paratu dituzte.

Atzokoarekin denen gogora etorri da 2008ko erasoa. Orduko hartan Pakistango 11 ekintzailek lehergailuekin eta tiroka eraso egin zuten Bombayko hainbat gunetan. Erasoak hiru egun iraun zuen, ekintzaileek hainbat eraikinetan gatibuak hartu zituztelako. Azkenean, Poliziak indarrez askatu zituen bahituak. Hildakoak 160tik goiti izan ziren, horien artean hamar erasotzaile. Ajmar Kasab ekintzailea izan zen atxilotu zuten bakarra, eta iaz heriotza zigorra ezarri zioten. Hain zuzen, nazioarteko hainbat hedabidek nabarmendu dute atzo zela Kasaben urtebetetzea.

Indiako agintariek, ordea, Bombayko biztanleen eta bisitarien izua saihestu nahian, ez dute 2008ko erasoekin alderatu nahi izan. «Ez dago zertan larritu. Behar den neurri guztiak hartu ditugu. Herritarrei eskatzen diegu edozein objektu edo pertsona susmagarri ikusiz gero agintariei abisatzeko», adierazi zien Poliziako bozeramaile batek Indiako hedabideei. Salmenta handiko guneetan, zinemetan, parkeetan, tren geltokietan eta jendetza biltzen den bertzelako guneetan zaintza berezia ezarri zutela jakinarazi zuen iturri berberak.

Gune jendetsuak

Hiru leherketak Bombayko auzorik jendetsuenetan izan ziren. Poliziaren arabera lehergailuak etxean egindakoak ziren. Lehenbiziko erasoa Zaveri Bazaar auzoan izan da, bitxi denda batean. merkaturako auzoa da hori, eta bitxi denda anitz daude inguruan. Iraganean ere izan dira Zaveri Bazaarren lehergailu bidez egindako atentatuak. 1993ko martxoaren 12ko erasoetan hamazazpi lagun hil zituzten han. Denera hamahiru leherketa izan ziren Bombayn egun hartan, eta 250 lagun hil zituzten. 2003an, berriz, 54 izan ziren hildakoak.

Atzoko bigarren leherketa Dadar barrutian izan zen, hiriaren erdigunean. Taxi baten barrenean lehertu zen bonba, autobus geltoki baten ondoan. Hirugarren erasoa, berriz, Opera Housen izan zen, negozioen auzune garrantzitsu batean.

Orduak igaro ahala hildakoen eta zaurituen kopurua hazten joan zen. Atentatu egileei dagokienez, NDTV kateak polizia iturriak aipatuz erran du Indiako Mujahidinak taldea izan litekeela erasoen erantzulea. Talde islamista horren izenean hainbat eraso aldarrikatu dituzte azken urteetan. Poliziaren arabera India bertako ekintzaileak dira, eta 500 lagun ingururen heriotza egozten die.

India da munduan musulman gehien bizi diren hirugarren herrialdea (161 milioi inguru), baina, hala ere, biztanleriaren %14 inguru baino ez dira. Hinduak gehiengoa dira (%80 inguru), eta musulmanak baztertuta daude gizarteko esparru gehienetan. Bi komunitateen arteko gatazkak ohikoak dira.

Pakistanen gaitzespena

Nazioartean atentatuarekiko gaitzespena izan da nagusi. Pakistanek ere «bizien galeragatik, zaurituengatik eta jabetzari egindako kalteagatik» atsekabea adierazi die Indiako agintariei. Asif Ali Zardari presidentearen eta Jusuf Raza Gilani lehen ministroaren izenean helarazi dio Atzerri Ministerioak oharra New Delhiri. Bi herrialdeek Erresuma Batuarengandik independentzia lortu zutenetik, hagitz harreman gatazkatsua izan dute; bertzeak bertze, 1947az geroztik hiru gerra izan dituzte, eta bien mugaldeko Kashmir eskualdearengandik gatazka dute. Atzoko atentatuaren gisakoak izan direnean, bi herrialdeen arteko harremana are gehiago gaiztotu ohi da.

Horren adibide argia izan ziren duela hiru urteko Bombayko erasoak. Pakistango Lashkar-e-Taiba talde islamistak hartu zuen bere gain. Indiako agintariek, baina, Pakistango ISI zerbitzu sekretuei leporatu zieten ekintzaileei sostengua ematea. Horregatik, bi herrialdeen arteko bake elkarrizketak bertan behera utzi zituzten.

Atzoko erasoaren susmoa Indiako Mujahidinen gainean badute ere, nazioarteko hainbat hedabidek diote Indiako agintariek uste dutela talde hori Lashkar-e-Taibarekin elkarlanean aritu dela. Hilaren 26an Pakistango Atzerri ministro Hina Rabbani Khar Indiara joatekoa da. Urte hasieran elkarrizketei berrekitea adostu zuten bi herrialdeek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.