Duintzen hasi berriak

Australiako Konstituzioak aborigenen eskubideak aitortzeko erreferendumera deituko du gobernuak, eta datorren urtean abiaraziko du horretarako «asmo handiko agenda».

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Cook kapitaina Australiara iritsiz geroztikaborigenek ez dute berezko nortasunean aritzeko eskubiderik izan; orduan «kangaroo» esanez erantzuten zieten bertakoek itsasoz iritsitako bisitariei, errespetuz. Ingelesezko hiztegian sartu zuten hitza, han saltoka zebiltzan animalia bereziek izen bat behar zutela eta, baina ez Gun Yimithirr tribuaren hiztegian esan nahi zuena jasotzeko: «Ez dut ulertzen». Beste norbait izatera behartu zituztenen aginduetara, herritar zurien arauetan itota bizi izan dira, euren lurraldean arrotz. Denbora behar izan dute, baina orain Australian konturatzen hasiak dira mendeetan gizatasunarekin antz gutxi duen jarrera aldatu beharra dagoela, eta gutxienez indigenek Konstituzioan «lehen herritar» gisa aitortzeko eskubidea dutela. Horretarako erreferendumera deituko dituzte herritar guztiak, eta hori baino lehen, erabakiaren aldeko emaitza jasotzeko ahalegina egingo dute, tartean aborigenen baiezkoa.

Haien bizimodua ulertzen eta onartzen ez duten herritarren legeen artera desplazatuak izan direlako, 1901eko Konstituzioan ikusezinen mailara murriztuak. Lurretatik bota zituzten hirietako immigrante dira aspaldian, eta egoera horrek eragin dituen miseria, ezberdintasun eta arazo sozial larriak konpondu beharragatik hainbat pauso eman ditu gobernu laboristak 2008tik.

Orain, Konstituzioa aldatzen hasteko prozesua hasia, Australiako «lehen herritarrekin zorra kitatzeko lehen pauso garrantzitsua» egingo dute, Julia Gillard lehen ministroak esan bezala, «Konstituzioan babestuta, australiarren arteko berdintasuna eta errespetua bultzatzeko». Atzo albistearen berri eman zuen, aborigenek babestuta, besteak besteJenny Mackin Indigenen Gaietarako arduraduna alboan zuela.

Ez dute zehaztu erreferenduma noiz izango den. Legealdi honetan edo datozen hauteskunde federaletan izatea nahi lukete. Dena den, prozesua datorren urtean abiarazteko «asmo handiko agenda» iragarri du gobernuak, «indigenen desabantailak amaitzeko». Eztabaida nazionala hasiko dute, ekimenean ahalik eta australiar gehien batzeko, «ez bada denen artean egiten, ez baita behar bezalako erreforma izango, eta ez da justiziarik bermatuko».

Horretaz konturarazi dituzten esperientziak izan dituzte aurretik. Australian hainbat gairen inguruan 44 erreferendum egin dituzte, eta soilik zortzik egin dute aurrera; horregatik, «ikuskeraaskotarikoen isla» izan behar du. Herritar guztiengana iristeko bideak jarriko dituzte, eta dagoeneko haien ordezkariengana jo dute. Lehen ministroak oposizioko liderrari, berdeen ordezkari nagusiari eta politikari independenteei eman die egitasmoaren berri, eta edozeinekproposamenak egiteko moduak jarriko dituzte. Aborigenen giza eskubideen aldeko taldeak aritu dira proposamenerako oinarriak jartzen, eta, Mackinen arabera, «hori bai da berrikuntza bat».

Aldaketak jasoko dituen testua egiten hainbat talde aritiko da: aborigenen buruzagiak, Konstituzioan adituak eta hainbat legebiltzarkide eseriko dira Konstituzioan aborigenen herritartasuna behar bezala aitortzeko. Erreforma garrantzitsua izango da, eta osoa, gobernuaren arabera; hezkuntza, osasun, lan, etxebizitza eta barne egitura arloetan egin beharreko aldaketekin, gaur egun euren bizitzari eragiten dien gaietan «apenas eragiten dutelako», James Anayak egindako txostenaren arabera. Anayak aborigenen egoerari buruz ikerketa berezi bat egina dauka, eta ondorio larrietara heldu da.

Eskubideen bilakaera, pobrea

Aborigenek 1967an lortu zuten boto eskubidea erreferendum baten bidez, eta 1999an Konstituzioarenatarikoan euren berezkotasuna aitortzen saiatu ziren, baina herritarrek ezezkoarekin erantzun zuten. Testuak zioen australiar herriak ohore egingo diela aborigenei: «Nazioaren lehen herriaren aitorpena da, lurraldearekin duten harreman sakonagatik eta gure herria aberasten duten tradizioengatik». Erreformari uko egin zioten, ez zituelako lurraren jabe eta zaindari egiten, ez zelako nahikoa.

Gobernuak hainbat ekimen bideratu ditu azken urteotan indigenen giza eskubideak berrikusteko asmoz, eta, bide batez, hainbat komunitatetan duten egoera tamalgarria aldatzen hasteko. Langabezia eta alkoholismoa gainerako australiarren artean dagoen halako bi dira; hilketak zazpi aldiz gehiago, generoaren indarkeriagatik ospitalera joaten direnen kopurua 34 aldiz handiagoa, eta espetxeratzeak hamahiru bider gehiago, duela bi urte egindako azterketa baten arabera. Aborigenen %65ekgaixotasunen bat dute.

James Anayak ikerketan baieztatzen duenez, gobernuak 2020 bitarte diseinatutako programari esker hainbat aurrerapauso eman dira aborigenen oztopo sozialen eta ekonomikoen murrizketan, baita haurren eskolatzean, osasunean eta gizarteko parte-hartzean ere. Hala ere, «herri osoan pairatzen duten desabantaila amaitzeko programa integralago bat behar da», ongizate ekonomiko eta sozialaz gain, euren kulturarekin harreman lasai eta librean bizitzeko eskubidea bermatuta, «gehiengoak haien kultura baztertzeak harreman zuzena duelako egoera sozial eta ekonomikoarekin».

2008an barkamen publikoa eskatu zuen gobernu laboristak 1910etik 1970era milaka haur lapurtu zituztelako, familia zurietan «zibilizatzeko». Indigenen Giza Eskubideen Nazio Batuen Erakundearen hitzarmena ere sinatu du, baina hasi berriak dira zapalduari duintasuna aitortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.