Irlandako lehen ministro Bertie Ahernek eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek Bruselatik mezu zuzena helarazi zieten atzo Irlanda iparraldeko bozetan nagusitu diren bi alderdiei, DUP Alderdi Unionista Demokratikoari eta Sinn Feini: «Emaitzek mezu argia adierazi dute: herritarrek botere partekatua nahi dute». Halaber, autonomia berrezartzeko «azken aukera» izan daitekeena ez galtzea galdegin zieten: «Aukera historikoa da erakunde autonomoak berriz indarrean ezartzeko». DUP eta Sinn Fein aise nagusitu dira, aurreikusi bezala, Legebiltzarrerako asteazkeneko bozetan. Gainera, eserlekuetan gora egin dute. Zenbaketa guztiak amaituta, atzo, DUPek 36 diputatu (%30,1) lortu zituen eta SF Sinn Feinek 28 (%26,2). Bi alderdi nagusiek martxoaren 26a arteko epea izango dute exekutiboa osatzeko.
Horien atzetik, UUP Ulsterko Alderdi Unionistak 18 (%14,9), SDLP Alderdi Sozial Demokrata eta Laboristak 16 (%15,2), AP Aliantzaren Alderdiak zazpi (%5,2), GP Alderdi Berdeak bat (%1,7), PUP Alderdi Unionista Aurrerakoiak bat (%0,6) eta Kieran Deeny independenteak (bereari eutsita) bat eskuratu zituzten.
DUPeren eta SFren arteko polarizazioak UUPek eta SDLPek behera egitea eragin du. Liberala eta komunitateartekoa den APek igoera izan du, apala bada ere. Horrez gain, PUPeko Dawn Purbisek duela hilabete batzuk hildako David Ervine alderdiko buru eta diputatuaren eserlekua hartu du. UVF Ulsterko Boluntarioen Indarrak talde paramilitar loialistaren adar politikoa da PUP. Aitzitik, UKUP Erresuma Batuko Alderdi Unionistako buru Robert McCartneyk berea galdu du, eta GP Alderdi Berdeak Legebiltzarrean estreinakoz sartzea lortu du.
Alderdi batzuek beste batzuek baino boto kopuru zein portzentaia handiagoa izan arren, diputatu kopuru txikiagoa jaso dute, barrutikako bozketa dela eta.
Parte-hartzeari dagokiolarik, %63,5ekoa izan da, 2003ko bozetakoaren (%63,9koa) paretsu.
Kabineteko 10 ministroen banaketa honakoa izango da: DUP (4) SF (3), UUP (2) eta SDLP (1). Ezustekorik ezean, DUPeko buru Ian Paisley izango da lehen ministroa, eta SFko bigarren buru Martin McGuinness lehen ministrordea.
MUGITZEKO ESKAKIZUNAK. Londresen Ipar Irlandarako ministro Peter Hain Sinn Feineko presidente Gerry Adamsekin eta DUPeko buru Ian Paisleyrekin bildu zen atzo, eta astelehenean alderdi guztiekin biltzen hasiko da, prozesu politikoaren hurrengo faseari ekiteko.
«Ipar Irlandako politikariak iritsi diren puntuan gobernu autonomoaren berrezartzeaz beren eginahala egin edo isildu beharko dute», adierazi zuen Hainek. Zentzu horretan, martxoaren 26an berandunez ere, exekutiboa lanean hasi ezean, hura desegin, diputatuei soldatak kendu, Stormont itxi eta autonomia hainbat urtetan izoztuko dutela ohartarazi zuen.
Paisleyren esanetan, Sinn Feinek PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzua «benetan» onartzen duela eta «alderdi demokratikoa» dela erakutsi behar du, gobernuan egongo bada. «Sinn Fein ezin da negoziazio mahaian egon alderdi demokratikoa ez den bitartean».
Ildo beretik, DUPeko bigarren buru Peter Robinsonek atzo esan zuen bere alderdiak Sinn Feinekin gobernua osatu ahal izateko «baldintza egokiak» bete behar direla. Izan ere, SFk Polizia Batzordea onartu arren, autonomia berrezarri arte ez dela batzordean lanean hasiko adierazi izanak kezka eragin du unionistengan.
Adamsek, bestalde, bi gobernuei eskatu zien onar dezatela jendearen gehiengo zabalak bozkatutakoa. Baina gobernatzea Irlanda iparraldeko politikariei dagokiela nabarmendu zuen: «Hemengo politikariei dagokie jasotako babesa Ostiral Santuko Akordioaren instituzioetan gauzatzea».
«Hemengo politikariei dagokie jasotako babesa Ostiral Santuko Akordioaren instituzioetan gauzatzea»
gerry adams
sinn feineko presidentea
«Sinn Fein ezin da negoziazio mahaian egon alderdi demokratikoa ez den bitartean»
ian paisley
dup alderdi unionista demokratikoko burua
«Neurri historikokoaukera da erakunde autonomoak berriz indarrean ezartzea»
bertie ahern
irlandako lehen ministroa
«Emaitzek mezu argia adierazi dute:herritarrek botere partekatua nahi dute»
tony blair
erresuma batuko lehen ministroa
DUP eta SFri boterea partekatzeko exijitu diete Londresek eta Dublinek
Irlanda iparraldeko bozetako garaileei «aukera historikoa» ez galtzea galdegin diete bi gobernuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu