irlandako prozesua

DUPek uko egin dio Irlandako iparraldeko lehen ministro kargua hartzeari, akordioa oztopatuz

Saint Andrewsko hitzarmenen arabera, DUP alderdi unionistari eta Sinn Fein errepublikanoari gaur amaitzen zitzaien Irlandako iparraldeko administraziorako agintari nagusi izateko hautagaiak aurkezteko epea. DUPek ez duela lehen ministro kargua hartzeko asmorik iragarri du, eta, ondorioz, akordioek aurrera egitea oztopatu du berriro ere. Gainera, Stormonteko legebiltzarreko saiora paramilitar unionista bat sartu da poltsa baten lehergailua zuela esanez.

2006ko azaroaren 24a
18:47
Entzun
Hitzarmen horien arabera, DUPi dagokio Irlanda iparraldeko erakunde autonomen lehen ministroa izendatzea, eta Sinn Feini lehen ministrordea. DUPek Ian Paisley alderdiko buruzagi nagusia izendatu du kargu horretarako, eta Sinn Feinek Martin McGuinness alderdiko bigarrena. DUPeko hautagai Paisleyk, ordea, uko egin dio kargu hori hartzeari, eta, beraz, Saint Andrewsko hitzarmenean adostutakoa martxan jartzea eragotziko du. Sinn Feinek Irlanda iparraldeko Polizia onartu arte ez duela kargu hori hartuko adierzi du Paisleyik.

Azaroaren 10ean, akordioak berresteko azken egunean, Sinn Feinek agertu zuen ez zetorrela guztiz bat Irlandako iparraldeko Poliziaren proiektuarekin, hain justu, eskumen gutxiren jabe zelako eta Erresuma Batuko Poliziak indar handia izango zuelako.

Nolanahi ere, gainerako alderdiek ohartarazi diote DUPi Saint Andrewsko hitzarmenean ez dela jasotzen Sinn Feinek Polizia horri onespena eman behar dionik.

Gaur hori guztia eztabaidatzen ari zirela, paramilitar unionista batek eten du Stormonteko legebiltzarreko saioa: poltsa batekin sartu da aretora, lehergailu bat zeukala eta leherarazteko prest zegoela oihuka. Segurtasun zerbitzuetako kideek atxilotu egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.