Politika

Duran Lleida: "Espainiako trantsizioan ehundutako guztia desegiten ari da Aznar"

Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidentearen jokabide politikoa axolagabea eta onartezina iruditzen zaio Josep Antoni Duran Lleida Kataluniako CiU alderdiko idazkari nagusiari. Hain zuzen ere, elkarrizketari uko eginez eta pentsamendu bakarra inposatuz, Aznar Espainiako trantsizioan ehundu zen guztia desegiten ari dela adierazi du Radio Euskadin. Horregatik, PPrekin inolako hitzarmenik ez dutela egingo agertu du Duran Lleidak. Bartzelonako deklarazioak, berriz, "osasun ona" duela nabarmendu du.

2003ko abuztuaren 28a
17:52
Entzun
Espainiako azken hauteskundeen orokorretan gehiengo absolutua lortu zuenetik, Jose Maria Aznar Gobernuko presidentea garaipen horretan eta pentsamendu bakarrean erabat gotortuta dagoela iruditzen zaio Josep Antoni Duran Lleida CiUko idazkari nagusiari, eta, elkarrizketari ko egiten dionez, Espainiako Estatuko elkarbizitza bermatzeko eratu ziren egitura eta moduak suntsizen ari dela. "Elkarrizketan oinarritzen den herrialdea da hau, aukera politikoen ugaritasunak adierazten duten bezala, pluraltasun handiakoa. Testuinguru horretan, Aznarren jarrera eta jokabidea eutsiezinak dira, soka axolagabe teinkatzen ari baita. Demokraziaren lehen urteetan eta trantsizioan ehundutako guztiadesegiten ari da", azpimarratu du politikari katalanak Radio Euskadin egin ditoen elkarrizketan.

Nolanahi ere, Aznarren aurreneko agintealdian CiUren babesa izan zuen PPk Espainiako Legebiltzarrean. Lehen aro hura ona izan zela esan du Duran Lleidak: arlo politikoan hainbat transferentzia eskuratu zituztela, eta arlo ekonomikoan, egoera onbideratu zela. Espainiako presidenteak gehiengo absolutua eskuratu zuenean okertu ziren kontuak CiUko buruzagiaren ustez.

Hori dela eta, une honetan CiU ez dagoela PPrekin hitzarmenik egiteko prest azpimarratu du Duran Lleidak; ez Espainian, ez Katalunian. "Gaur egungo PPren jarrerarekin, aurkariarekiko jokabide hori duen alderdi batekin, gu geu garena mespretxatzen duen buruzagia duen alderdi batekin, estatutuaren erreformari buruz hitzegiteari uko egin dion alderdi batekin… ezinezkoa da. Egunen batean jarrera aldatzen badu, edo PSOEk jarrera aldatzen badu —baina egiazki aldatu beharko lukete, ez gure botoak jasotzeko—, orduan, akaso".Ildo horretatik, Espainiako politikagintzan aro berri bat estrinatuko dutela iragarri du Duran Lleidak; gehiago inplikatuko direla arlo horretan, baina Espainiako alderdien erantzuna "benetan" parekoa bada, eta ez boto beharrak eragindakoa.

Kataluniako Estatutuaren erreforma

Katalunian zein Euskal Herrian sortu diren proposamenen ildotik, Espainiako Estatua eredua aldatzeko debatea irekita dagoela eta atzera bueltarik ez duela iritzi dio CiUko idazkari nagusiak, eta udazkeneko Kataluniako hauteskunde nagusiei begira, haiek irabaztea eta gobernu indartsu baten bidez Kataluniako Estatutuaren erreforma abian jartzea dela CiUren lehentasuna azpimarratu du Duran Lleidak. "Estatutuaren erreforma ez da alderdi abertzaleen helburu bat, baizik eta Kataluniako sektore sozial eta ekonomikoetatik datorren eskaera bat, hain zuzen ere, garapen ekonomikorako oso garrantzitsua delako; esate baterako, aireportuen gestioa ekar dezakeelako". Proiektu horretan ERCren laguntza izan dezaketela onartu du Duran Lleidak.

BNGk, CiUk eta EAJk hitzartu zuten Bartzelonako Deklarazioari dagokionez, "osasun ona" duela esan du politikari kataluniarrak. "Osasun ona dauka, hiru alderdi horiek helburu bat baitute: Estatuan ulertaraztea Espainia ez dela nazio bat, baizik eta hainbat nazioaren gehiketa bat.Horretan bat gatoz, eta hortik aurrera alderdi bakoitzak estrategia propioa dauka, leku bakoitzean egoera politikoa diferentea delako. Baina horrek ez du inor kezkatu behar, eta ez da ondorioztatu behar Bartzelonako Deklarazioak funtzionatzen ez duenik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.