herrialde Katalanak

Duran Lleidak uste du CiUk independentzia babesten badu hauteskundeak galduko dituela

Unioko buruak dio independentziaren bideak "bi arazo" dauzkala: "Bideragarritasunik eza eta haustura arriskua". CiUren "hauteskunde konpromisoa itun fiskala da, ez besterik".

2012ko maiatzaren 12a
15:45
Entzun

Ez dagoela Kataluniaren independentziaren alde erakutsi du berriro Josep Antoni Duran Lleida Unio alderdiko buruak —CiU koaliziokoa da Unio, CDCrekin batera—, eta uste du CiUk independentzia babesten badu hauteskundeak galduko dituela. Hala esan du Sitgesen (Herrialde Katalanak), Unioren XXV. biltzarrean.

CDCk duela hilabete eta erdi egin zuen kongresua, eta Oriol Pujol idazkari nagusi berriak esan zuen "oso posible" dela katalanek independentziaren alde egitea noizbait. "Niri gustatuko litzaidake, independentista naizelako".

Joera horren kontra agertu da Duran Lleida, eta adierazi du ez duela pentsatzen koaliziokidearen estrategiara "makurtzerik". "Bestela, zertarako geundeke? Nahi duena egin dadila CDCko kide. Ni etxera joango nintzateke".

Independentziaren bideak "bi arazo" dauzkala iritzi dio: "Bideragarritasunik eza eta haustura arriskua". "Estatu propioaz asko hitz egiten den honetan, lehendabizi estatu zentzua izan behar da. Guk beti lehenetsi izan dugu nazioaren balioa".

Unioko buruak azpimarratu du 2010 bukaeran Artus Mas CiUko Kataluniako lehendakarigai aurkeztu zenean "hauteskunde konpromisoa itun fiskala" zela, "ez besterik". "CiU aurkeztu izan balitz independentziaren konpromisoarekin, galdu egingo zukeen". CiUk 62 parlamentari lortu zituen (2006tik hamalau irabazita), eta bigarren indar PSCk 28.

"Itun fiskalaren konpromisoak ez du zatiketarik eragiten, eta Union sekula ez dugu herria zatitzearen alde egin", adierazi du Duran Lleidak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.