Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak abenduaren 20an idatzi zien Europako Batasuneko kide diren estatuetako buruzagiei eta Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosori. Gutunean, Masek jakinarazi zien azaroaren 9an Katalunia estatu izateko erreferenduma egingo dutela, eta galdeketari babesa adierazteko eskatu zien.
Iragan ostiralean heldu zitzaion gutuna Durao Barrosori, eta "dagokionean" erantzungo dio, Pia Ahrenkilde Durao Barrosoren bozeramaileak esan duenez. "Oraindik ez da erantzunik, hori ziurta dezaket", gaineratu du, eta ez du erantzuteko eperik zehaztu.
"Ziur naiz zugan fida naitekeela prozesu baketsu, demokratiko, garden eta europar hau bultzatzeko, zeinarekin kataluniar herria eta ni neu guztiz konprometitua gauden", idatzi zien Masek estatuetako eta EBko ordezkariei.