Espainiako inbestidura

EAJk lankidetza «leial eta benetakoa» ziurtatu dio Sanchezi

Aitor Estebanek uste du «ikusitakoak ikusita» PSOEren eta UP Unidas Podemosen arteko akordioa dela «behin-behinekotasun egoera» amaitu eta Espainian gobernua osatzeko «itxaropen bakarra».

Sanchez eta Esteban, elkarren eskuak estutzen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Igor Susaeta.
2020ko urtarrilaren 4a
22:42
Entzun

EAJren Kongresuko bozeramaileak hemizikloan adierazi zuenez, «elkar zoriontzeko» garaia da, «ez baitago instituzioak behin-behinekotasunean egotea baino egoera okerragorik». Pedro Sanchez presidentegaiari mintzatu zaio Esteban, eta lankidetza «leial eta benetakoa» ziurtatu dio. Sanchezen inbestiduraren alde bozkatuko du EAJk inbestidurarako osoko bilkuran —akordioa egin zuten lehengo astean—.

Lurraldetasunaren auziari dagokionez, «pluraltasuna aitortuz» elkarrizketa defendatu du Estebanek. «Elkarrizketa horrek ordenamendu juridikoa aldatuko duen adostutako akordio batera heldu behar du, eta herritarrek berretsi behar dute».

Estebanek eskuineko eta eskuin muturreko alderdiei adierazi die Espainia bihurtu nahi izan dutela «kilometro koadro batzuetara» mugatutako ideia bat, «non inportanteena den mugak mantentzea». EAJkoari ez zaio «irtenbide errealista bat» iruditzen arazoak konpondu nahi izatea «milioika herritar isilaraziz».

Pentsatzen du arazo estrukturalei aurre egiteko, «elkarbizitza» lortzeko, bestea aitortzeko, «sentipen nazionala barne», beharrezkoa dela «ezberdinen arteko» lankidetza. «Herrialde bat dira balioak, justizia, egia, pertsonak. Estatuaren printzipioak norberaren desira pertsonalen gainetik». Elkarrizketa «inklusiboa» aldarrikatu du EAJren bozeramaileak.

EH Bildu

EH Bildu igande goizean da Espainiako Kongresuko hemizikloan hitza hartzekoa, baina Mertxe Aizpuruak «ausardia» eskatu du gaur, Pedro Sanchezen inbestidura diskurtsoa entzun eta gero: «Bide onean egindako urratsa da, baina tentuz eta eszeptizismoarekin begiratzen diogu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.