Segurtasun Kontseiluak onartutako 1973 ebazpena nor, noiz eta nola gauzatu da orain gakoa, eta horretarako formularen bila ari da nazioartea. Libiako erregimenari aurre egiteko «beharrezko neurriak» hartzea baimentzen du ebazpenak, eta, hain zuzen ere, dokumentua sustatu duten herrialdeak dira premiazko esku hartzearen alde sutsuen agertu direnak. Frantzia eta Erresuma Batua bere kabuz gerra hegazkinak bidaltzeko prestatzen ari direla jakinarazi dute. Nicolas Sarkozy presidenteak berak ebazpena sostengatzen duten estatuak gonbidatu ditu gaur Eliseora; NBE Nazio Batuen Erakundeko, EB Europako Batasuneko, Europako Kontseiluko eta Liga Arabiarreko ordezkari gorenak elkartu dira, hala nola, hainbat estatu eta gobernu buru. Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria ere bertan izango da.
NATOren babesarik gabe operazio militarra martxan jartzeko aukeraz mintzatuko dira agintariak eta, ondorioz, koalizio bat eratzeko aukeraz. Honez gero ugari dira koalizio horrekin bat egiteko prest agertu direnak eta euren baseak eta bitartekoak koalizioaren eskura jarri dituzten estatuak; AEBak, Belgika, Danimarka, Espainia, Herbehereak, Italia, Kanada eta Norvegia.
Alemaniak eta Maltak, berriz, uko egin diote operazio horretan parte hartzeari —Segurtasun Kontseiluan abstentzioa eman zuen bost herrialdeetako bat izan zen Alemania—.
NATO, bien bitartean, zuhurrago agertu da, ezen, operazioa bideratzeko erakundeko 28 estatuen oneritzia behar du, eta,zaila izango du esku hartzearekin eszeptiko agertu diren herrialdeak berera ekartzeko —Alemania eta Turkia—. Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak, hala ere, premiazkotzat jo du esku hartzea, eta orain arte erakundeak ezarritako baldintzak betetzen direla aitortu du; NBEren babesa izatea, benetako beharra dagoela frogatzea, eta eskualdeko herrialdeen sostengua izatea.
NATO, beraz, esku hartze militarrerako planak «bizkortzen» ari da, baina ez da espero erabakia igandea baino lehen hartzea. Libiako aire eremuaren debekua betetzen ari den ikuskatzeko ardura bere gain hartzea izango da nekezena eta, litekeena da, giza laguntza babestera eta armak sartzeko itsas blokeoa ezartzera mugatzea bere lana.
Ebazpena gauzatzeko bidean
Libiako erregimenaren kontrako operazio militarra noiz eta nola egin da orain nazioartearen erronka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu