Europako Batasuneko kideek bilera izan dute Bruselan. Palestinarrek NBE Nazio Batuen Erakundean irailean egingo duten estatu palestinarraren aldarrikapena izan dute hizpide. EB osatzen duten 27 kideek gaiari buruzko iritzi kontrajarriak izan arren, iritzi bateratua plazaratzea zen bileraren helburu nagusia. Bake prozesua bultzatzeko bideak ere aztertu dituzte. Zatituta dagoeneko itxura amaitu nahi izan du hala EBk, eta orain arteko isiltasuna haustea erabaki du. «Erantzukizunez» jokatzeko eta iazko irailetik etenda dauden negoziazioak berriro abiatzeko eskatu diete israeldarrei eta palestinarrei. «Beharrezkoa denean» estatu palestinarra onartzeko prest daudela adierazi dute, baina israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioak berriro hastea onetsi dute, «akordio iraunkorra lortzeko biderik onena» hori delakoan.
Bestalde, Laukotearen —AEB, Errusia, NBE eta EB— lana ere goraipatu dute. Laukoteak hilaren 11n izan zuen azken bilera, Israelen eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren arteko negoziazioak sustatze aldera, baina ez zuten adierazpen bateraturik aurkeztu.
Nazioarteko babesaren bila
«Estatu palestinarra aldarrikatzeko prozesuan laguntzeko eskatu diogu EBri, NBEko idazkari nagusiari eskutitz bat bidaliz», esan du Saeb Erekat negoziatzaile palestinarrak. Dena den, EBko hainbat kidek onartu dute ez dutela estatu palestinarraren aldarrikapenari buruzko iritzi bateraturik. Alemaniak, esaterako, argi utzi du ez duela onartuko negoziazioak alde batera utzi eta estatu palestinarra aldarrikatzea. EBko beste herrialde batzuek, berriz, «hasiera batean» onartzen dute, baina nahiago dute bi aldeen arteko negoziazioak egotea.
Mahmud Abbas PANeko presidentea Europako hainbat herrialderen babesa lortzen saiatuko da iraila bitartean. Gaur Espainiara joango da, eta ostiralean, Turkiara.
PANek ez du negoziazio mahaira itzultzeko asmorik, ez behintzat Israelek koloniak eraikitzen jarraitzen duen bitartean. Hori dela-eta hautsi zituzten negoziazioak iazko irailean, Israelek ez baitzuen koloniak eraikitzeari uzteko bere hitza bete. Atzo,berriz,Israelgo Gobernuak etxebizitzen prezioa jaisteko plana aurkeztu zuen, eta Zisjordania hegoaldean 336 etxebizitza eraikitzea da plan horren zati bat.
EBk «beharrezkoa bada» baino ez du sostengatuko palestinarren ekimena
Bi aldeen arteko negoziazioak berriro hastea onetsi dute Europako Batasuneko 27 herrialdeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu