MUNDUA

EBk Egiptori armen salmenta etetea aztertuko du

Asteazkenean bilduko dira Europako Batasuneko herrialdeetako Atzerri ministroak, Egiptoko gatazkan "bortxa amaitzeko eta elkarrizketa bultzatzeko" EBk zein neurri har ditzakeen erabakitzeko.

2013ko abuztuaren 19a
17:56
Entzun

EBko Mediterraneo Hegoalderako ordezkari berezi Bernardino Leonek eman du albistea: Egipton "bortxa amaitzeko eta alderdien arteko elkarrizketa bultzatzeko" zenbait neurri hartuko ditu Europak, eta horietako bat izan daiteke armen salmenta etetea. EBko kide diren herrialdeetako enbaxadoreekin elkartu da gaur Leon: ordezkariek Catherine Ashton EBko diplomaziaren buruari eskatu diote Egiptoko egoerari aurre egiteko neurriak zehazten dituen dokumentu bat aurkezteko. Ezohiko bilera egingo dute EBko Atzerri ministroek asteazkenean, eta bertan erabakiko dute zein neurri hartu.

Beste neurri bat EBk Egiptori ematen dion laguntza ekonomikoa etetea litzateke, baina zenbait herrialde horren aurka agertu dira, neurri horrek "biztanleria zigortu" dezakeelakoan. Iragan azaroan, 5.000 milioi baino gehiagoko laguntza sorta bat adostu zuen Europak, Egiptoko trantsizio politikoa eta garapen ekonomikoa bultzatzeko, bi urtez. Badira hilabete batzuk laguntza horiek gelditu zirela, herrialdearen egoera dela eta. Leon, baina, "ziur" dago "irtenbide politikoa" posible dela, eta asteazkeneko bileran erabakitzen denarekin "ildo horretan laguntzea" izango dute helburu. Leonen hitzetan, Egiptoko behin-behineko gobernuak eta armadak "zerikusi handia dute herrialdearen tragedian", baina azpimarratu du bortxa "bi aldeetatik" erabiltzen dela. 

Saud al-Faisal Saudi Arabiako Atzerri ministroak adierazi du herrialde arabiar eta islamistek Egipto lagunduko dutela, mendebaldeko herrialdeek laguntzak behin-behinean bertan behera utziz gero. Spa berri agentziaren arabera, "harrituta" agertu da Al-Faisal mendebaldeko herrialdeen jarrerarekin, tartean, Europako Batasuna hartzekotan den neurriekin. Saudi Arabiako Gobernuak Egiptori 5.000 milioi dolarreko laguntza emango ziola iragarri zuen, uztailaren 3ko estatu kolpearen ostean, eta Al-Faisalek baieztatu du Saudi Arabiak beti babestuko duela Egiptoko herria "segurtasuna eta egonkortasuna" lortzeko bidean.

Saudi Arabiaren arabera, Egipton gertatzen ari dena "terrorismoa" da, "sendotasunez" aurre egin beharrekoa, eta zentzu horretan, ez du ulertzen nazioarteko zenbait herrialdek hartu duten jarrera: "Badirudi krimenak egiten dituztenak estali nahi dituztela". Al-Faisalen arabera, herrialde arabiarrek "ez dute ahaztuko" nazioarteko herrialdeek hartutako jarrera, eta hori aldatu ezean, "nazio arabiar eta islamisten interesen eta egonkortasunaren aurkakotzat" hartuko dituztela baieztatu du.

Ehundaka atxiloketa

Anaia Musulmanen arabera, Egipton 400 buruzagi atxilotu dituzte azken hiru egunetan. Ahmed Abu Baraka abokatuak salatu duenez, behin-behinean espetxeratu dituzte hamabost egunez, eta agindu horren kontra helegitea jartzea debekatu diete. Abokatuaren arabera, horien artean ziren bart Kairoko espetxe batera bidean hil dituzten Anaia Musulmanetako 36 kideak. Torturatuak izan zirela salatu du, eta ondoren erre egin zituztela tortura zantzuak desagerrarazteko. Gainera, horien senideei mehatxu egin diete itota hil direla onartu ezean ez dizkietela gorpuak itzuliko.

Gaur bertan Mena Egiptoko berri agentziak jakinarazi duenez, beste hamabost egunez luzatuko diote atxiloaldia Mohamed Mursiri. Horren arabera, "bortxazko ekintzengatik" ikertuko dute Mursi. Hainbat kargu leporatu dizkiote orain arte, homizidioa, bahiketa eta ustez Hamasekin kolaboratzea. Iragan ostegunean beste 30 egunez luzatu zioten atxiloaldia, eta gaurko luzaketa hura amaitzen duenean sartuko da indarrean. 

Gertaera iluna

Izan ere, gobernu militarrak zabaldu du ihes egiteko saio batean hil direla, itota. Horren arabera, Abu Zaabal espetxera bidean ihesaldi saio batean altxatu egin dira presoak, eta polizia bat bahitu dute. Itota, pilatuta eta negar gasa arnastuta hil direla, besterik ez du esan gobernuak. Mena albiste agentzia ofizialaren arabera, hainbat lagunek eraso egin diote presoak zeramatzan konboiari, horiek askatzeko. 

Segurtasun indarrek erantzun egin dute tiro eginez, eta erasotzaileetako batzuk hil dituzte. Tiro egiteaz gain, negar gasa ere bota dute, eta, antza denez, gas hori presoak zeramatzan furgoneta batean sartu eta arnastuta hil dira 36 presoak. Estatu Kolpearen Aurkako Aliantzak, ordea, esan du hildakoak 38 direla eta espetxera bidean hil zituztela frogatzen duten zantzuak dituztela. Gertatutakoa ikertzeko eskatu du Anaia Musulmanen abokatuak.

Erasoa Sinai mendian

Gaur goizean, Sinai mendian, Gazatik gertu, 24 polizia hil dira eraso batean. Hasiera batean, albiste agentziek esan dute soldaduak zirela hildakoak, baina gero argitu dute segurtasun indarretako kideak direla. Morteroekin eraso diete poliziak zeramatzan bi mikrobusi. Bi polizia zauritu dira, eta ospitalera eraman dituzte.

Abdel Fattah al-Sissi kupula militarraren buruak atzo esan zuen ez duela onartuko "herrialdearen edo herritarren" suntsiketa, ezta "nazioari su ematea" ere. Anaia Musulmanei bidaliriko mezuan adierazi zuen armadak kontrolatzen duela Egipto eta ez dutela kanpaleku gehiago altxatzea baimenduko. Gogor jokatuko dutela iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.