Homofobia

EBk ekinbideak hasiko ditu Hungariaren eta Poloniaren aurka, LGTBIQ komunitatea diskriminatzeagatik

Bruselak bi hilabeteko epea eman die bi herrialdetako gobernuei euren politikak aldatzeko. Hungariako lege homofoboa eta Poloniako hainbat tokitan ezarritako LGTBIQ komunitatearen aurkako eremuak kritikatu ditu.

LGTBIQ komunitatearen eskubideen aldeko protesta bat, Varsovian, 2018an. ADAM GUZ / EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 15a
13:31
Entzun

«Berdintasuna eta giza eskubideekiko nahiz duintasunarekiko errespetua Europako Batasunaren oinarrizko balioak dira, Europako Batasunaren Tratatuaren bigarren artikuluan jasotakoak. Batzordeak bere eskura dituen tresna guztiak erabiliko ditu balio horiek defendatzeko». Printzipio horretan oinarrituta, Hungariaren eta Poloniaren aurkako ekinbide judizialak hasiko dituela jakinarazi du Europako Batzordeak, LGTBIQ komunitatearen oinarrizko eskubideak urratzen dituzten legeak abiarazteagatik.

Hungariaren kasuan, parlamentuak berriki onartutako lege homofoboa du jopuntuan Bruselak, zeinak debekatu egiten baitu 18 urtetik beherakoek sarbidea duten espazioetan homosexualitatea eta sexu-aldaketa sustatzen duten edukiak zabaltzea, LGTBIQ mugimenduaren inguruko propaganda egitea, edota hedabideetan homosexualitatea eta transexualitatea aipatzen dituzten iragarkiak argitaratzea, besteak beste.

LGTB ideologiatik libre diren eremuak deiturikoekikoekin izan duen jarreragatik zigortuko du Bruselak Poloniako Gobernua, uste baitu entzungor egin izan diela Bruselak eremu horien inguruan emandako ebazpenei, eta ez dituela nahikoa ikertu. 100 hiri eta eskualde ingurutan ezarri dituzte halako guneak, bertako agintarien ekimenez.

Bi epealditan banatu du Europako Batzordeak Hungariaren eta Poloniaren aurka hasitako prozedura. Bi hilabetekoa izango da lehenengoa. Bruselak bi herrialdeetako gobernuei gutun bat igorriko die, bere kezkaren inguruko azalpenak ematen, eta bi hilabeteko epea emango die euren erabakietan atzera egiteko. Halakorik egiten ez badute, Batzordeak «ebazpen arrazoitu bat» bidali ahalko die, eta, ondoren, Europako Justizia Auzitegira jo.

Epaitegien eskumenean ere, talka

Hain justu, beste auzi batean ere Europaren bizkarrekoa jaso du gaur Poloniak. Luxenburgok, Europako Batzordeak salatutakoari arrazoia eman, eta ebatzi du Europako legediaren kontrakoa dela Poloniako Auzitegi Goreneko epaileen inguruan eratutako batzordea. Poloniako Gobernuak 2019ko abenduan onartutako eta iragan urteko otsailean indarrean sartutako justizia erreformaren baitan sortu zuten batzorde hori, eta epaileen inguruko erabakiak hartzeko eskumena dauka. Besteak beste, epaileak behin-behinetan kargutik kentzeko, soldata murrizteko edota immunitatea kentzeko aukera ematen dio Varsoviari. Herrialde horretako auzitegien epaiei jarritako helegiteak Europako auzitegietara bideratzea zigortu izan du, modu horretan, gobernuak. 40 epailek baino gehiagok jaso dituzte zigorrak Europako Justizia Auzitegiaren epaiak onartzeagatik eta gobernuaren justizia erreformari kritika egiteagatik.

Europako Batzordeak salatua zuen batzorde horrek Poloniak EB Europako Batasuneko legediarekin dituen betebeharrak urratzen dituela. Europako Justizia Auzitegiak ebatzi du Poloniako sistema judizialaren erreformak —horren barruan sortu zuten batzordea— ez dituela "inpartzialtasuna eta independentzia" bermatzen, eta justiziak botere legegilearen eta exekutiboaren eragin zuzena duela.

Poloniako Auzitegi Goreneko epaileen aukeraketa, horri buruzko batzordekoena barne, Epailetza Batzorde Nazionalak egiten du, eta, auzitegiaren arabera, horren independentziak «zilegizkoak diren zalantzei bide eman diezaieke». Halaber, auzitan jartzen du batzorde hori inoiz Gorenean aritu gabeko epaileez osatua egotea nahiz soldata eta autonomia maila handiagoa izatea, herrialdeko gainerako auzitegietakoekin alderatuta.

Indarrean dagoen batzorde horrek baimentzen du epaileek hartutako erabakien inguruan zigor diziplinatzaileak ezartzea. Hori «kontrol politikorako» erabiltzeko arriskua ikusten du Europako Justizia Auziteigak, eta epaileen erabakietan nahiz haien independentzian esku hartzeko. Gainera, auzibideak Europako auzitegietara bideratzeagatik irekitako prozedurek, epaileen eskubideen aurka ez ezik, EBko auzitegien eta estatu kideetakoen arteko kooperazioaren kontra egiten duela ere nabarmendu du Luxenburgok.

Auzitegi berak batzorde horri dagozkion eskumenak bertan behera uzteko agindu zion atzo Poloniari, behin-behineko neurri gisa, EBko legediaren kontrakoak direlakoan. Neurri hori konstituzioaren arurkakotzat jo zuen Poloniako Auzitegi Konstituzionalak. Nabarmendu zuen Poloniako epaileak ez direla EBko epaile bihurtzen, talde komunitarioko legediaren arabera, eta herrialdeko justiziaren inguruan zigorrak ezartzeko eskumena duen erakunde bakarra Goreneko epaileen inguruko batzordea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.