txerri gripea

EBk Mexikorako hegaldiak bertan behera uztea baztertu du oraingoz

Roselyne Bachelot Frantziako Osasun ministroak eskatu du neurri hori hartzeko, Europako Batasuneko Osasun ministroen kontseiluan.

2009ko apirilaren 30a
18:47
Entzun
Europako Batasuneko (EB) Osasun ministroak gaur bildu dira Luxenburgon txerri gripearen inguruan hartu beharreko neurriak eztabaidatzeko. Besteak beste, Roselyne Bachelot Frantziako Osasun ministroak kutsatzeko arriskua dela-eta Mexikoko hegaldi guztiak bertan behera uzteko eskatu du, baina oraingoz EBk neurri hori hartzea baztertu du.

Bachelotek bilera amaitu ondoren esan duenez, "herrialde asko ez dira prest agertu egungo egoeran neurriak berehala hartzera". Zentzu horretan Frantziako Gobernuak ez duela bere kasa erabakirik hartzeko asmorik ere adierazi du, "EBren barruan gehiengoaren babesa izan gabe ez duelako zentzurik".

Nina Papadoulaki EBko Osasun bozeramaileak baieztatu du ez dela zentzu horretan erabakirik hartu eta herrialde batzuek Parisen proposamena babesten duten arren, beste batzuek jarrera zehaztugabea dutela adierazi du.

Hil honen 13an atzeman zituzten txerri gripearen lehen kasuak, Mexikon. Oraindik ez dute birusaren jatorria zehaztu. Mexikon 159 lagun hil dira gaitzak jota eta 49 kutsatuta daude. Felipe Calderon Mexikoko presidenteak bihartik asteartera bitarte etxetik ez ateratzeko deia egin die herritarrei.

Mexikoz gain, hainbat herrialdetan ari dira azaltzen kasuak. Euskal Herrian esaterako, 30 urteko Bilboko gizon bat kutsatuta zegoela baieztatu zuten, atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.