FRANTZIAKO LISKARRAK

EBk neurriak hartu ezean istiluak zabalduko direla dio Frattinik

Alemanian, Flandesen, Walonian eta Portugalen ere autoak erre dituzte

Erredakzioa
2005eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko herrialdeek neurri komunak hartu ezean istiluak «leku guztietara» zabalduko direla ohartarazi zuen atzo EBko Segurtasunerako, Askatasunerako eta Justiziarako komisario Franco Frattinik: «Protesta guneak leku guztietan pitz daitezke». Bruselan eta Berlinen azken egunotan izan diren liskarrek «kutsadura» arrisku hori agerian jarri dutela gaineratu zuen. Il Giornale egunkariari emandako elkarrizketan, aspaldian integrazio politika sustatzearen alde agertu zela eta hainbat estatuk Alemaniak eta Herbehereek baztertu egin zutela nabarmendu zuen komisarioak.

Liskarren aurrean lehenbizikoneurria segurtasun indarrak baliatzea dela eta, ondoren, integrazio politikaren estrategia martxan jarri behar dela uste du Frattinik: «Immigranteen gizarteratzea garaitu beharreko erronka da oraindik, ezin dugu pentsatu erantzuna behin betiko etxeratze agindua ezartzea edo gau eta egun kaleak kontrolpean edukitzea denik». Arazoa komuna dela, eta ez dela erantzun egokirik eman zehaztu zuen.

Europako Batzordeak, ildo horretan, hemendik bi urtera egitura funtsak hirietara ere bideratuko dituela iragarri zuen. Pobrezia handia duten auzoak laguntza horien onuradun izango dira.Frantzian hasi ziren liskarrak beste herrialde batzuetara zabaldu dira azken egunotan. Berlinen eta Kolonian (Alemania) sei eta lau auto erre zituzten herenegun gauean, hurrenez hurren. Bremenen ere autoak kiskali zituzten. Brusela, Gante eta Anberesen (Flandes) beste hainbat auto erre zituzten atzo goizaldean eta iluntzean. Liejan (Walonia) ere istiluak izan ziren herenegun. Amadora herrian (Portugal) bi auto erre zituzten gauean.

Turkiaren deia

Frantzian bizi diren turkiarrei liskarretan parte ez hartzeko deia egin zien atzo Ankarak. Europan 4,5 milioi turkiar bizi dira.

Suediako lehen ministro Goeran Perssonek, bestetik, liskarrei aurre egiteko «borrokaren bidea» baliatzea kritikatu zuen. Frantziak hartutako neurriei «oso dramatikoak» iritzi zien. Frantziako Barne ministro Nicolas Sarkozyk erabilitako hitzekin «harrituta» zegoela gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.