Israelen eta PAE Palestina Askatzeko Erakundearen arteko negoziazioak hasi baino lehen porrotera bideratu dituen puntu nagusia da Tel Avivek Zisjordanian aplikatzen duen kolonien politika. PAEk behin eta berriz eskatu dio Israeli kolonia gehiago eraikitzeari uzteko lehenbailehen, baina Tel Avivek baldintzarik ez paratzeko exijitu dio aldi oro. Orain, EB Europako Batasunak arrazoia eman die palestinarrei, eta Israel Zisjordaniaz jabetzen ari dela ohartarazi du, Palestinako Estatuaren sorrerari bidea itxiz. Gainera, EBk jakinarazi du hemendik aitzinera Zisjordanian garapenerako planak egiteko Israeli ez diola baimenik eskatuko.
EBko diplomatiko eta kontsul talde batek Jerusalemen eta Ramalan egindako misioaren ondorioak bildu ditu txosten batean. Idazkia uztailean egin zuten, eta abenduan aurkeztu zuten Bruselan, publiko egin aitzinetik. Osloko Akordioak sinatu zirenetik (1993), kolono israeldarren kopurua hirukoiztu egin da Zisjordanian, EBko behatzaileek adierazi dutenez —111.000tik 310.000ra—. Osloko Akordioen arabera, Zisjordania hiru gunetan banatu zen: A eremuan, PAN Palestinako Aginte Nazionalak kontrol militar eta zibila du; B eremuan, berriz, PANen esku dago kudeaketa zibila, baina Israelek militarki kontrolatzen du, eta C eremuan Israelek du erabateko kontrola.
Eremuen arteko desoreka
Israelen asimilazio politika azaleratzeko, eremuen artean dagoen desoreka nabarmendu du EBk.A eremuak, PANek erabat kontrolatutakoak, soilik Zisjordaniaren %18 hartzen du, eta B eremuak, berriz, %20. C eremuan, Israelen erabateko kontrolpekoan, lurraldearen %62 hartu arren, soilik Zisjordaniako palestinarren %6 bizi dira bertan. EBk salatu duenez, hori Israelek palestinarrei ezarritako «behartutako mugimenduen» ondorio da.
Hori horrela izan dadin Tel Avivek erabilitako politika ere azaldu du EBko taldeak. Banaketa hesiarekin, adibidez, Zisjordaniaren ia %10 bereganatu zuen Israelek, eta ofizialki onartutako 124 koloniekin eta 100 outpost-ekin —karabanek eta behin-behineko etxebizitzek osatutako postuak, ondoren koloniak sortzeko erabiliak— bertze %10. Koloniak elkarrekin eta Israelekin lotzeko errepide sare zabala eratua du Tel Avivek. Gainera, A eta B eremuak sakabanatutako lurraldeek osatzen dituzte; beraz, komunikaziorako ezinbertzekoa da Israelek kontrolatutako lurretik pasatzea. Hori nahikoa ez, eta, gune militar itxiak eta babesgune naturalak ezarrita, Zisjordaniako baliabide naturalez jabetu da Israel.
Diplomatikoetako batek Haaretz egunkariari azaldu dio txostena «garrantzitsua» dela, agintari guztiek bat egin dutelako. «Europako gobernuek ikuspegi anitzak dituzte gatazkaren inguruan. Adibidez, mutur batean Herbehereak daude, Israelekin hagitz lerrokatuta, eta bertze aldean, berriz, Irlanda. Baina txosten honetan guztiok paratu gara ados». Gainera, EBk lehen aldiz gomendatu die estatuei eta agentziei C gunean garapenerako proiektuak finantzatzea Israelek baimena emateari itxaron gabe.
Palestinarren eta israeldarren arteko negoziazioak trabatuta daude kolonien auziaren ondorioz. Hain zuzen, horren inguruan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Barack Obama AEBetako presidentearekin solastatu zen atzo telefonoz. AEBek Israelen «segurtasunarekin» duten «konpromiso hautsiezina» berretsi zion Obamak. Mahmud Abbas PANeko buruak, berriz, asteburuan Erresuma Batura, Alemaniara eta Errusiara joateko bidaia bat hasiko du, herrialde horien laguntza bilatzeko.
Ezkontideen legea, onartua
Israelen bertan, Auzitegi Gorenak ebatzi du israeldarrekin ezkondutako palestinarrei herrialdean sartzeko oztopoak paratzen dizkien legea ez dela konstituzioaren aurkakoa. Araua 2003an onartu zuten, baina hainbat erakundek helegitea paratu zioten. Gizonen kasuan, soilik gutxienez 36 urte dituzten ezkontide palestinarrak sartu ahalko dira Israelen, eta emakumeak, berriz, gutxienez 26 urte dituztenak.
EBk ohartarazi du Israel Zisjordaniaz jabetzen ari dela kolonien bidez
Bruselak salatu du Tel Aviven politikak Palestinako Estatuaren sorrerari bidea ixten diola; lurren %82 ditu kontrolpean IsraelekEuropako Batasunak ez dio baimena eskatuko Tel Avivi Zisjordanian jarduteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu