EBk Saharako auzian «porrot» egin duela salatu du Fronte Polisarioak

Mendebaldeko Saharako eta Marokoko atzerri ministroek agerraldia egin dute Europako Parlamentuan

mikel rodriguez
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Europako Batasunak (EB) Mendebaldeko Saharako auzian «porrot ugariren orbanak» ditu, Fronte Polisarioko Atzerri ministro Mohamed Salem Uld Saleken iritziz. EBk «erantzukizun handia» duela nabarmendu du Uld Salekek, eta bereziki bi estaturen jarrera kritikatu du: «Espainia bere kolonialismo ondorengo erantzukizuna garbitzen saiatu da, arrakastarik gabe, eta Frantziak Marokoren babesle gisa jokatzen du [NBEko] Segurtasun Kontseiluan, gatazkaren konponbidera eraman dezakeen edozein ebazpen serio eragozteko». Bruselan egin zituen adierazpen horiek Uld Salekek, atzo, Europako Parlamentuan egindako agerraldian. Haren ondotik Marokoko Atzerri ministro Taib Fassi Fihrik hitz egin zuen. Aaiungo kanpalekuaren desegiteari buruzko nazioarteko ikerketa independentea egiteko eskatu zuen Europako Parlamentuak iragan astean.

EBk «porrot» egin du Minursoko agindua bete dezan Marokori presio egiteko orduan, Uld Saleken arabera. NBE Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Saharan duen misioa da Minurso. 1991n sortu zen, su-etena ikuskatzeko eta erreferenduma antolatzeko. Gainera, Fronte Polisarioko Atzerri ministroak uste du EBk ez duela posizio bateratua eduki NBEri giza eskubideen gainbegiraketa egiteko eskatzeko orduan, Frantziak Marokori ematen dion «babesa» ez duelako «indargabetu». EBri galdegin dio «nazioarteko zuzenbidearekin konpromisoa» duen politika abiarazi dezala. «Bertze irtenbiderik ez balego», gerrarako prest daudela ohartarazi du Uld Salekek.

Aaiungo kanpalekuaren aurkako erasoaren ondorioz, berriz, «desagertu anitz» daudela adierazi du, baina hilda edo atxilotuta dauden ez dakitela. «Inork ezin du zehaztu, Aaiunen eta inguruan Marokoko Gobernuak ezarritako debekuaren ondorioz».

Fassi Fihri Marokoko Atzerri ministroak, ordea, zibilak hil direla ukatu du, eta kanpalekuaren desegitea «era baketsuan» egin zela adierazi du. Nazioartean Marokoren aurka «ongi finkatutako propaganda» dagoela uste du Fassi Fihrik, eta salatu du Marokok Mendebaldeko Saharan duen zereginaren aurka «gezurrezko argudioak» erabili direla. Bi aldeen arteko negoziazioak blokeatzea leporatu dio Fronte Polisarioari, «baldintzak» paratzeagatik. Aaiungo kanpalekuan Al Kaedaren inguruko taldeek trebatutako «erasotzaileak» zeudela ere adierazi du.

Torturak ospitaletan

Fassi Fihrik azaldutakoaren hagitz bertzelako adierazpenak egin ditu herenegun Aaiunen egon zen Kanaria uharteetako udal ordezkarien taldeak (Espainia). Atxilotutako sahararrak torturatzen dituztela berresteaz gain, tortura horiek ospitaleetan bertan egiten dizkietela salatu du talde horrek. «Zaurituak ez dira ospitaletara joaten, joan direnak han bertan torturatu baitituzte, eta ez dituzte artatzen, gainera», azaldu zuen Gregorio Gonzalez ordezkaritzako kideak. Hark azaldu duenez, herenegun ailegatu ziren Aaiunera, baina atzo, goizean goiz, Marokoko agintariek herrialdetik bidali zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.