Europako Batasunak gehiago estutu nahi du Bashar al Assaden erregimena. Horretarako, Siriako petrolioa inportatzea debekatu dute 27 herrialde kideek. Neurria berehala ezartzekoa bada ere, datorren azaroaren 15ean ezarriko da bere osotasunean, oraindik indarrean dauden kontratuei kalte ez egiteko.
EBk ekonomikoki ito nahi du Al Assaden erregimena, izan ere, Siriak Europari saltzen dio bere petrolio produkzioaren %95. Alemania, Austria, Espainia, Frantzia, Herbehereak eta Italia dira egun Siriaren erosle nagusiak. Hala ere, debekuak ez du eragin handirik izango EBrentzat, inportatzen duen petrolioaren %1,5 baino ez baita Siriakoa.
Gainera, erregimenaren gertuko beste lau pertsona eta hiru enpresaren kontrako zigorrak ezartzea erabaki zuten atzo EBko hogeita zazpi Atzerri ministroek Sopoten (Polonia) egindako bileran. Orain arte, erregimenarekin lotura duten 50 lagun eta hamar enpresa zigortu ditu EBk, Al Assad diktadorea tartean. Zigor gisa, Europara bidaiatzeko debekatu diete eta ondasunak izoztu dizkiete, besteak beste.
Beste hamabi hildako
Bitartean, Al Assaden errepresioak gogor jarraitzen du manifestarien kontra. Atzo, gutxienez hamasei zibil hil zituen armadak Siriako hainbat hiritan; Ramadan osoan, berriz, 473 lagun hil ditu.
Errepresioa errepresio, ordea, protestek ez dute behera egin. Aste honetan, esaterako, dimisioa aurkeztu du Adnan al Bakur Hama hiriko Fiskal nagusiak. Sarean jarritako bideo batean azaldu ditu arrazoiak. Iragan uztailaren 31n Hama hirian 72 manifestari eta ekintzaile politiko hil izana salatu du, eta haien gorpuak hobi komun batean ehortzi izana. Lekuko Koordinazio Batzordearen arabera, Al Assaden jarraitzaileek bahitu egin dute Al Bakur fiskal ohia, eta berehala askatzeko eskatu dute.
Hori horrela, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Sirian nazioartearen esku hartzerik ez izatearen frustrazioa duela aitortu du. «Sirian ere, Libian bezala, bere herriaren kontra gauza ikaragarriak egiten dituen diktadore bat dago. Siriaren kasuan, ordea, arazoa da nazioartean eta Arabiar Ligan ez dagoela esku hartze militarraren aldeko babesik».
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
EBk Siriako petrolioa inportatzea debekatuko du
Bashar al Assaden erregimena babesten duten pertsonen eta erakundeen kontrako zigorrak ere ugaritu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu