EBko estatu kide bilakatuko dira Errumania eta Bulgaria 2007an

Europako Konstituzioaren gaineko blokeoa amaitzea izango da Alemaniaren agintaldiaren xede nagusia

arantxa elizegi egilegor
2006ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Bi kide berrirekin estreinatuko du Europako Batasunak urtea. Bulgaria eta Errumania 2007ko urtarrilaren 1ean sartuko dira EBn. Horrek, baina, ez du esan nahi jarritako baldintza guztiak bete dituztela. Bruselak nabarmendu du asko dutela egiteko ustelkeriari dagokionez. Ondorioz, datozen hilabeteotan gertutik zainduko dituzte beste estatu kideek.

Errumaniak eta Bulgariak EBrekin bat egitea Europaren historiako «urratsik garrantzitsuena» dela nabarmendu du Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok. Haren esanetan, egindako erreformek merezi izan dute, «EB sendotuko dutelako». Baina, hedatzen jarraitu nahi badute, bi oztopo gainditu behar dituzte: Europako Konstituzioa eta Turkiarekiko negoziazioen gaineko blokeoa. Alde horretatik, 2006a malkartsua izan da EBko agintarientzat: urtebetez atzeratu dute Konstituzioari buruzko erabakia; eta ez dute lortu Turkiak Zipre onartzea.

Egun, indarrean dagoen Nizako Itunak gehienez ere 27 kideko erakundea aurreikusten du. Horiek hala, 2009rako, Europako Legebiltzarrerako bozen aurretik hitzartu nahi dute konstituzio berria. 2007an EBko txandakako presidentetza hartuko duen Alemaniako kantziler Angela Merkelek iragarri du egun horretarako akordiorik ez badago «akats historikoa» izango dela.

Turkia EBn sartzeko negoziazioak izan ziren Frantziak eta Herbehereek testuari ezetz esatearen arrazoi nagusi bat. Dituen herritar kopurua kontuan hartuta, Batasunean sartuz gero, beste edozein baino indartsuagoa litzateke Turkia; hori dela eta, zenbait estatu kide ez daude bat egitearen alde. Besteek, berriz, Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko zubia ikusten dute Turkia.

DATORREN URTERAKO ASMOAK. Turkia onartzearen aldekoa ez den arren, Merkelek iragarri du ahal duen guztia egingo duela Konstituzioaren gaineko blokeoa datorren seihilabetekoan gainditzeko. Era horretan, azaldu du testuaren aldekoen eta aurkarien arteko bitartekari lanak egingo dituela Berlinek. Dena den, kantzilerrak onartu du Europak bizi duen egoera ez dela erraza.

Bestelako eginbeharrak ere izango ditu Berlinek datozen sei-hilabeteotan, besteak beste, energiaren inguruko politika bateratua bultzatzea. Era berean, Merkelek iragarri du aurre egingo diola «nazioarteko terrorismoari» eta krimen antolatuari.

Eslovenia eurogunean sartuko da urtarrilean

Herrialde bat Europako Batasunean sartzeak ez du esan nahi automatikoki euroa erabiltzen hasiko denik. Esaterako, Esloveniak 2004. urtean egin zuen bat EBrekin, baina urtarrilaren 1ean sartuko da eurogunean; alegia, 2007an hasiko da euroa erabiltzen. Duela bi urte sartu ziren hamar nazioetatik -Txekia, Estonia, Zipre, Letonia, Hungaria, Malta, Polonia, Eslovakia, Suedia eta Eslovenia- soilik hark betetzen ditu eurogunean sartzeko baldintzak.

Gobernuak hartutako neurriei esker, Esloveniako ekonomiak lau puntu egin ditu gora 2006an, eta inflazioa %2 ingurukoa da. Hori dela eta, Europako ekialdeko merkatu erakargarrienetariko bat da egun.

SorreraTIK Gaur eGun arTe

Proiektu hutsetik benetako potentziara1951: Italiak, Alemaniako Errepublika Federalak, Frantziak, Luxenburgok, Herbehereek eta Belgikak Europako Ikatz eta Altzairuaren Elkartea sortu zuten.

1957: Europako Ikatz eta Altzairuaren Elkarteko kideek Erromako Ituna sinatu zuten. Europako Ekonomi Erkidegoa (EEE) eta Atomo Energiaren Europako Erkidegoa (Euratom) sortu zuten. EEEren helburua merkatu bateratua sortzea zen.

1960: Portugal, Suedia, Erresuma Batua eta Suitzak Europako Merkataritza Librerako Elkartea sortu zuten. Merkatu askea sortzea zuen helburu, muga zergak bateratu gabe. Estatuez gaindiko erakundeak sortzeko beharrik ere ez zuten ikusi.

1967: Hiru erakundeetarako kontseilu eta batzorde bakarra eratzeko hitzarmena sinatu zuten.

1979: Europako Legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeak.

1985: Jacques Delors izendatu zuten Europako Batzordeko presidente. 1992rako merkatu bakarra eratzea proposatu zuen. Batasun ekonomikoari oinarri politikoa ere emango ziola pentsatu zuen. AEBekin lehiatzeko urrats hori egitea beharrezkoa izango zela uste zuten agintariek.

1992: Maastrichteko Ituna sinatu zuten. Ekonomia batasunerako oinarriak jarri zituen, EBko herritartasuna sortu zuen, herritarrei bozkatzeko eskubidea onartu zien, eta elkarlana ezarri zuen atzerri politika, segurtasun zein immigrazio arloan. EEE Europako Batasuna bihurtu zen. Bi urte geroago jarri zen indarrean ituna.

1995: Schengengo Itunak mugak desagerrarazi zituen. Erresuma Batuak eta Irlandak ez zuten sinatu. Austria, Finlandia eta Suedia EBn sartu ziren; Norvegian, bierreferendumetan ezezkoak irabazi zuen.

1997: Amsterdamgo Ituna. Ekialdeko estatuak EBn sartzeko aukera jaso zuen. Lan eta bazterketa arloko legeak indartu zituen, eta Maastrichteko Itunaren arlo soziala lege bihurtu zuen. Schengengo Ituna ere lege bihurtu zen.

1999: Krisia EBn. Iruzur, nepotismo eta kudeaketa txarra leporatu zioten Batzordeari. Jacques Santer lehendakariak eta komisarioek dimisioa eman zuten. Romano Prodi izendatu zuten lehendakari.

2002: Euroa indarrean jarri zen eurogunean -Suedia, Erresuma Batua eta Danimarka kanpoan geratu ziren-.

2002: Europako Konbentzioa lanean hasi zen, konstituzio proposamen bat egiteko. 2003ko udaberrian aurkeztu zuen. Estatu kideak ez ziren ados jarri.

2004: Maiatzean, Europa erdi eta ekialdeko 10 kide berri sartu ziren EBn. Ekainean, Konstituzioa hitzartu zuen EBk. Urrian, Konstituzioa sinatu zuten.

2005: Frantzian eta Herbehereetan egindako Europako Konstituzioari buruzko erreferendumean ezetzak irabazi zuen, eta ondorioz, testuari buruzko gogoeta egiteko denbora hartu zuten Bruselan.

2006. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta EBko atzerri ministroek eskatuta Konstituzioari buruzko erabakia beste urtebetez atzeratu zuten.

2007ko urtarrilaren 1a. Errumania eta Bulgaria Europako Batasunean sartuko dira. Horiekin 27 dira, jada, Batasuna osatzen duten herrialdeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.