Botoen %50,3rekin, Europako Batasunetik Suitzara lanera doan immigrante kopurua mugatzea onartu dute herritarrek erreferendum bidez, eta, beraz, hiru urteko epean immigrante kopuruari kuotak berrezarriko dizkiote berriro. Zuricheko emaitzen zain, kantoi guztietan onartu dute ekimena.
Gainerako herrialdeekiko kuota sistema hori darabil Suitzak, baina zehazki Europako Batasuneko immigranteei buruz galdetu zieten atzo herritarrei.
Zentroko Batasun Demokratikoa eskuin muturreko alderdiak bultzatu du galdeketa, masa immigrazioaren kontra lelopean. Kuotez gain, Suitzako langileak kanpokoekiko lehenestea ere onartu dute erreferendumean. 2002an bertan behera geratu zen neurri hori, Suitzak eta EBk pertsonen zirkulazio askeari buruzko akordioa lortuta.
Suitzako Gobernuak nabarmendu du "ezinegon baten adierazpena" dela erreferendumaren emaitza, eta aitortu du "inflexio puntua" dela eta "ondorioak" izango dituela.
EBrekiko itunak, auzitan
Europako Batzordeak atsekabea azaldu du Suitzaren neurriarekiko, eta nabarmendu du herritarren "EBren eta Suitzaren arteko zirkulazio askeko printzpioaren kontrakoa" dela. Halaber, batzordeak ohartarazi du aztertu egingo dituela erreferendumaren emaitzek EBren eta Suitzaren arteko harremanetan eta akordioetan eragin ditzaketen ondorioak.