EB Europako Batasuneko zortzi herrialderekin harreman diplomatikoak hasiko dituela iragarri zuen herenegun gauean Habanak. Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Italia, Austria, Grezia, Portugal eta Suedia dira herrialdeak. Espainia, Belgika eta Bulgariarekin azaroaren bukaeran berreskuratu zituen harremanak. Kubako kantziler Felipe Perez Roquek iragarri zuen neurria. Europako BatasunekoLatinoamerikarako Kontseiluko Batzordeak (COLAT) Europan agintari kubatarrei egiten zaizkien harrera ofizialetan disidenteak gonbidatzeari uko egitea aholkatu ondoren hartu dutela neurria zehaztu zuen kantzilerrak: «AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak zuzentzen eta mantentzen dituen mertzenarioak dira disidenteak».
Kubako Gobernuak 2003. urteko udaberrian 75 disidente kartzelaratu zituenean hautsi ziren Kuba eta EBren arteko harremanak. Txalupa bateko hiru bahitzaileren exekuzioak eragina izan zuen ere krisian. EBk hainbat neurri hartu zituen. Tartean enbaxadetan agintari kubatarrei egiten zitzaien harrera ofizialetan oposizioko kideak gonbidatzeko neurria hartu zuen. Uhartera egindako bidaia ofizialak ere murriztu egin zituzten agintariek. Habanaren erantzuna aurki etorri zen. EBko enbaxadetako ordezkariekin harremanak hautsi zituen. Kubak, alta, aske jarri ditu azken hilabeteotan hainbat disidente, tartean Raul Rivero poeta, Oscar Espinosa ekonomista eta Oswaldo Alfonso ekintzailea. Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramaile Herve Ladsous pozik agertu zen atzo iragarpenarekin, baina neurria herrialde guztietara zabaldu behako litzatekeela zehaztu zuen: «Kubako Gobernuari, zentzu horretan, erabakiren bat hartzeko gonbidapena egiten diogu».
KUBA
EBko kideekin berriro harremanetan
Habanak amaiera eman nahi dio, horrela, 2003. urteko udaberrian 75 disidente kartzelaratu zituenean hasitako krisiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu