Arantxa Elizegi
arantxa elizegi
Denbora amaitzen ari zaio Europako Batasunari, eta urrun dago Konstituzioari buruzko eztabaidaren amaiera. Alemaniako kantziler eta EB Europako Batasuneko txandakako presidente Angela Merkelek 2009a jarri du muga, akordioa lortzeko. Gaur hasi eta bihar amaituko den Bruselako goi bileran urratsak egiteko beste ahalegin bat egingo dute EBko agintariek. Baina oztopoak handiak dira. Poloniako presidente Lech Kaczynski eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairri egin beharko die aurre Merkelek, aurrera egingo badu. «EBk dituen erronkek eskatzen dute ekintzarako ahalmena eta beharrezko legezkotasuna izatea», nabarmendu du Merkelek.
Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok ohartarazi die bi aldeei negoziazioak blokeatzeak kalteak eragingo dituela epe luzera. «Akordiorako aukera hemen dago. Ez saiatu prozesua blokeatzen. Hori ez da jarrera azkarra, ez da zuen intereserako. Defendatu zuen jarrerak, baina ez etorri betoekin».
Blair eta Kaczynski izan ditu Barrosok gogoan adierazpen horiek egiterakoan. Bi horiek jarri diote Merkelen proposamenari oztopo gehien. Alemaniaren egitasmoan oinarrizkoak diren lau puntu kentzeko eskatu du Blairrek: Oinarrizko Eskubideen Ituna; Atzerri ministro karguaren sorrera; EBko legedia estatuenaren gainetik egotea; eta zergen gaineko araudia. Kaczynskik, berriz, bozkatzeko sistema aldatzeko eskatu du, eta argudiatu proposamenak jasotzen duena Poloniaren kalterako dela. Horren lekuan, herritar kopuruaren erro karratua egin eta botoa horren arabera neurtzea proposatzen du. Horrela, Poloniak bederatzi boto izango lituzke eta Alemaniak, berriz, sei. Kaczynskik iragarri du «hil arte» defendatuko duela egitasmoa.
FRANTZIA, ALEMANIAREN ALIATUA. Frantziako presidente Nicolas Sarkozy da Merkelen aliatu nagusia. Parisek, Madrilekin batera, hamar puntuko proposamena aurkeztu du aste honetan bertan, hitzarmena lortzeko asmoz. Bertan jasotzen dira, hasierako Konstituzioaren oinarriak. Batasuna osatzen duten 27 estatutatik 18k sostengatu dituzte puntu horiek.
Proposamenean jasotzen den ideia nagusietako bat da, hain zuzen ere, Londresen kritikak eragin dituena: Atzerri Ministerioarena. EBk atzerri politika bateratua izatea da tratatuaren helburuetako bat. Baina Blairrek dio horrek estatuen eskumenak murriztuko lituzkeela, eta ez dago halakorik onartzeko prest. Erresuma Batua hasieratik agertu da estatu kideen erabakien gainetik dagoen edozein neurri onartzearen aurka. Arrazoi beragatik dago Oinarrizko Eskubideen Ituna EBren legedian barneratzearen aurka.
HITZ EGITEKO PREST. Bilerara hitz egiteko prest joateko eskatu die Barrosok agintariei: «Inork ez du eraiki nahi estatu-kideen gainetik egongo den estatu handi bat. Hori gezurra da. Karikatura bat besterik ez da». Beren helburuak lortzeko, egoeraren dramatizazioa egiten aritzea leporatu die Barrosok oztopoak jartzen ari diren herrialdeei. Haren esanetan, hauteskunde sistema eta Atzerri Ministerioaren auzia proposamen osoaren oinarriak dira, eta horiek kenduz gero «Batasunaren motorra itzali egingo da». Era berean, ohartarazi die negoziazioetan parte hartuko dutenei akordiorik lortu ezean, konfiantza galdu eta harremanak hoztu egingo direla estatu kideen artean. «Ezin gara Bruselatik joan konpromisorik gabe».
Apurka-apurka, bilera hasi aurreko orduetan, herrialdeak beren jarrerak argitzen doaz. Txekiak, esaterako, hasieran Poloniarekin bat egin zuen bozkatzeko sistema aldatzeko eskaeran. Baina azken orduan atzera egin du, eta iragarri du ez duela beto eskubidea erabiliko Varsoviaren proposamena onartzen ez badute ere.
Luxenburgoko lehen ministro Jean-Claude Junckerrek, aldiz, ohartarazi du hasierako Konstituzioaren testuan aldaketa asko egiten badituzte, beto eskubidea erabiliko duela proposamen berriaren aurka. Luxenburgo izan zen Europako Batasuneko konstituzio proposamena onartu zuen herrialdeetako bat.
Mundua
EBko Konstituzioa ordezkatuko duen testua hitzartzen saiatzeko ahalegina Bruselan
Goi bilera egingo dute Europako Batasuneko agintariek gaur eta bihar. Angela Merkel Alemaniako kantziler eta EBko txandakako presidenteak 2009a jarri du akordioa lortzeko muga. Erresuma Batuari eta Poloniari egin beharko die aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu