KROAZIA

EBn sartu ahal izateko negoziazioak atzeratzea erabaki du Bruselak.

Hagako Zigor Auzitegiari lagundu nahi ez izatea leporatu diote Zagrebeko gobernuari, Gotovina jenerala entregatu ez duelako

Erredakzioa
2005eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Gerra krimenak egin izana leporatzen diote Ante Gotovina jeneralari. 150 serbiar hil eta beste 150.000 beren etxeetatik bidali izana zehazki. Hura atzematen lagundu ez izana leporatu zion atzo EB Europako Batasunak Kroaziari. Ondorioz, herrialdea EBn sartzeko negoziazioak atzeratzea erabaki zuen atzo Bruselak.

Gaur ziren biltzekoak hitz egiten hasteko. Zagrebek Hagari laguntzen ez dion artean, ez direla bilduko jakinarazi zuten atzo EBko buruzagiek. «Kroazia Europan egotea gustatuko litzaiguke. Horretarako, ordea, elkarlanerako prest dagoela frogatu behar du», azaldu zuen Jack Straw Erresuma Batuko Atzerri ministroak. Hala ere, EBren ateek irekita jarraituko dutela nabarmendu zuen Jean Asselborn Luxenburgoko Atzerri ministroak.

Austria, Hungaria, Eslovenia eta Eslovakia soilik agertu ziren Zagrebekin negoziatzen hastearen alde. Haien arabera, Zagrebek bete ditu baldintza ekonomiko eta politikoak, eta, beraz, ez dago eztabaida atzeratzeko arrazoirik.

Antzeko argudioak eman zituen Ivo Sanader Kroaziako lehen ministroak ere. «Hagarekin elkarlanean aritu gara orain arte, eta hala egingo dugu aurrerantzean ere». Sanaderren esanetan, bestalde, Gotovina jenerala ez dago Kroazian, eta, beraz, ezin dute atxilotu. Datorren astean Bruselan egitekoa duten bileran auzia berriz aztertzeko eskatu zien Sanaderrek EBko buruzagiei.

Stjepan Mesic Kroaziako presidenteak ez etsitzeko eskatu zien herritarrei. «Hagari laguntzeko ahal dugun guztian egin dugula frogatuko diegu». Haren ustez, ez zen harritzekoa izan Bruselaren erabakia, EBko agintariak euren artean ados ez zeudelako.

«Gehiago egin dezake»
Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal Carla del Ponteren ustez, Kroaziako Gobernuak egin duena baino gehiago egin zezakeen jenerala atxilotzeko. «Elkarlana eskatzen diegu, ez besterik. Ez dugu jarrera aldatuko. Gotovina atzemateko baliabideak badituzte», salatu zuen Del Ponteren bozeramaileak. Fiskalak, bere aldetik, Gotovina babesten aritzea leporatu zion atzo Kroaziako Gobernuari.

Kroaziako Krajina eskualdetik serbiarrak indarrez bidali izana leporatzen diote Gotovinari. 1995ean izan zen hori. Serbiarren esku zeuden orduan eskualde asko eta horiek berreskuratzeko kanpaina bultzatu zuen Gobernuak. Herritar askorentzat heroia da Ante Gotovina, Kroazia serbiarren eskuetatik «askatu» eta kroaziarrei itzuli zielako.

Kroazia 2007. urtean da Europako Batasunean sartzekoa. Hala erabaki zuen Europako Batasunak joan zen abenduan egindako bileran. Jugoslavia ohiko bigarren herrialdea litzateke, Eslovenia joan zen maiatzean sartu zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.