@:Europeum erakundeak Europako Konbentzioko eztabaidetan parte hartu zuen eta Txekiako Atzerri Ministerioaren aholkulari lanak ere egin ditu.
Belusezko Iraultzak Txekiaren historia aldatu zuen 1989an. EBn sartzea beste iraultza moduko bat izango da?
Ez dakigu oraindik. Baina jende askorentzat EBn sartzea da 1989an hasi genuen prozesuaren amaiera. Psikologikoki, NATOn sartzea baino garrantzitsuagoa dela iruditzen zait. Hala ere, ez dut uste gizartean aldaketa handirik gertatuko denik, aldaketa gehienak 1989tik hona gertatu baitira. Aldaketa eta erreforma gehienak negoziazio garaian izan dira, EBrekiko araudietara egokitu behar izan dugunean. Sinbolikoki mugarri garrantzitsua izango da, noski; eraldaketa prozesuaren azken urratsa. Aldaketak gertatuko dira geroan ere, jakina, baina poliki izango dira. Erreferendumaren kanpainan ere esan genuen jendeak ez zuela pentsatu behar maiatzaren 1a iritsi eta paradisuan esnatuko zirenik. @:Klaus presidenteak esan zuen EBko kide izatea «komenientziazko ezkontza» izango zela. Zer deritzozu?
Klausek batzuetan adierazpen polemikoak egiten ditu. Izan ere, gogoratu behar dugu bere gobernuak, bera lehen ministro zenean, sinatu zuela EBrekin bat egiteko hitzarmena, 1996an. Beraz, jakin behar zuen zein ondorio izango zituen erabaki horrek: prozesu luzea izango zela eta negoziazio gogorrak eskatuko zituela. Azkenaldian, badirudi ez duela zalantzan jartzen EBn sartzeko beharra, nahiz eta subiranotasunaren zati bat galduko dugula esan eta ez dela guztiz komenigarria. Europako Konstituzioari buruz ere oso eszeptikoa da. @:Bat-egiteak gastu soziala murriztera behartu du Gobernua. Zein ondorio izango ditu horrek?
Erretiro sistema eta, oro har, gastu soziala murriztea ez da bakarrik Txekiaren arazoa, baita Austria eta Alemania herrialde bizilagunen arazoa ere, eta uste dut Europako sistema sozialaren eta ekonomiaren arazoa dela, oro har. Batez ere erretiro sistema aldatu behar da, luzaroan ez baita eustekoa, garapen demografikoaren eraginez. Oposizioak Gobernua kritikatu du, baina ez bide okerra hartzeagatik, erreformetan nahikoa ez izatea leporatzen diote. @:Zein iritzi dute herritarrek, kaleko jendeak, EBko kide izateari buruz?
Beno, erreferenduma da iritziaren isla argiena. Aldeko jarrera nahiko handia izan zen, aurreikusten zena baino handiagoa, eta, nahiz parte-hartzea hain handia ez izan, beste zenbait bozketa nazionaletan baino handiagoa izan zen. EBn sartzea urrats garrantzitsutzat jotzen dute eta jarrera hori berdintsua da gizarte sektore guztietan. EBn sartu ondoko lehen urtea giltzarria izango da herritarrek espero dutena bete den ikusteko. Agian jendea itxaropentsuegia da eta Gobernua konpontzeko gai ez den gauzak konpon ditzakeela uste du. @:Zein iritzi duzu Konbentzioaz eta konstituzio proposamenaz?
Konbentzioa hasi zenean, pixka bat konplikatua izan zen lana guretzat, lehenengo erabaki behar genuelako, erreferendum bidez, parte izan nahi genuen eta gero nolakoa izatea nahiko genukeen. Hasieran inork ez zekien zertan amaituko zen; amaieran proposamen oso konkretua egiteko gai izan zen. Osotasunean nahiko konpromiso ona dela uste dut: herrialde txiki eta handien arteko oreka eta erakundeen artekoa lortu genuen; egungo itunaren zenbait puntu argitzea ere bai.
«EBn sartzea 1989an hasi genuen prozesuaren amaiera da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu