Kroazia 2013ko uztailean EB Europako Batasunean sartzekoa da. Horretarako, baina, aurrez, herritarrek erabakiari babesa eman beharko diote erreferendum bidez. Igande honetan egingo dute bozketa, eta azken inkestek agerian utzi dute EBn sartzearen aldekoek aise irabaziko dutela. Dena den, azken hilabetean talde euroeszeptikoak indartu egin dira, eta kasik herritarren %33ren babesa eskuratzea espero da.
EBn sartzeari uko egiten diotenek subiranotasuna galduko dutela argudiatu dute. Horrez gain, herritar askok kezka adierazi dute, Europan sartuz gero prezioek gora egingo dutela uste dutelako, lanera joango diren atzerritarren uholdea jasango dutelakoan daudelako eta enpresa txikiek hondoa jotzea eragingo duelako. «Nik ezetz bozkatuko dut», adierazi du Darko literatura irakasleak. «Nahiago dut Sanader [auzipetuta dagoen lehen ministro ohia] bezalako politikari ustel bat eduki, EBn egon eta Italian eta Grezian gertatu den bezala lehen ministro bat inposatzea baino».
Euroeszeptikoek, bestalde, Jugoslaviatik 1991n independentzia eskuratu zuten garaia ekarri dute gogora herritarrak ezezkoaren alde egiteaz konbentzitzeko. Subiranotasuna lortzea asko kosta zitzaiela argudiatzen dute, eta EBn sartuz gero berriz galduko dutela.
Alderdi handiak, bat eginda
Kroaziako alderdi handi guztiek, ordea, bat egin dute EBn sartzeko. Elizak eta gerrako beteranoek ere aldeko kanpaina egin dute. Guztiek «aurrerabidea» dela nabarmendu dute.
Agintean den zentro-ezkerreko koalizioak babes handia jaso zuen iazko abenduko bozetan, eta kontserbadoreek ere baiezkoaren alde egiten dute. Hori horrela, herritarren gehiengo zabal batek Europaren alde egingo duela espero du Vesna Pusic Atzerri ministroak. Abenduko inkesten arabera, EBn sartzearen alde zeuden herritarren %60, baina babes hori %55eramurriztu da hilabetean.
EBn sartzeko kontsultan baietzak aise irabaztea espero da Kroazian
Ezezkoaren aldeko jarrera indartu egin da azken denboran; asko subiranotasuna galtzearen beldur dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu