EUROPAKO BATASUNA

EBren geroaz ezbai ugariren artean ospatu dute Europaren Eguna

Estoniak Konstituzioa berretsi du; Batzordeak gaur aurkeztuko ditu etorkizunerako proposamenak

Erredakzioa
2006ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Frantziak eta Herbehereek erreferendumean Europako Konstituzioa arbuiatu zutenetik ia urtebete igaro delarik, Europako Batasunaren geroaz zalantza ugari izanik ospatu dute Europaren Eguna. Bestalde, Europako Kontseiluaren bilerarako proposamenak gaur aurkeztuko ditu Europako Batzordeak. Ekainean egingo da bilera.

Europako Batasunean 2004ko maiatzaren 1ean sartu ziren azken 10 estatuetako batek, Estoniak, Europako Konstituzioa onartu zuen atzo. 73 diputatuk baiezkoa eman zioten testuari, eta bakar batek ezezkoa. Gobernuak aurretik onetsita zeukan Europako Konstituzioa berresteko, maiatzaren 9a nahitara hautatua zuen Estoniak. Izan ere, Robert Schumann Frantziako Atzerri ministroak 1950eko maiatzaren 9an Europa batu baten aldeko aldarrikapena irakurri izanaren 56. urteurrena ospatzen zuten atzo. Orduz geroztik hamabi izarreko ikurraren atzean 25 estatu elkartu badira ere, EB ataka gaiztoan utzi du Frantziako eta Herbehereetako herritarrek Europako Konstituzioari ezetz biribila emateak.

Porrot horren ostean, EBko agintariek Konstituzioa aurrera eramateko bideak finkatzeko«gogoetaldia» abiatzea ebatzi zuten. EBn sartuta dauden 25 estatuetatik 15ek Konstituzioaren onespena berretsi badute ere, bi estatu sortzailetako herritar gehienen arbuioak aterabide argirik gabe uzten du auzia. Egoera horretatik irteteko proposamenak egingo ditu Europako Batzordeak datorren ekainean egingo duen Europako Kontseiluaren bilerarako. Jose Manuel Durao Barroso Batzordeko presidentearen eta bere taldekideen iritzian, Frantzian eta Herbehereetan 2007an egingo diren hauteskundeak kale itsutik irteteko aukera eman dezakete.

Barrosok Konstituzioaren zati batzuk mantentzeko beharra berretsi du, eta EBko oraingo presidente Wolfgang Schuesselek, berriz, Ituna 2007ko bukaera edota 2008ko hasiera arte bertan behera uztea proposatu du. Testua berreskuratzea, berriz, hemendik bi urtera EBko aurrekontuen erreformaz egingo duten eztabaidarekin lotzea proposatu du Austriako lehen ministroak.

Urte horretan ospatuko da, halaber, EBren sorrerarako oinarri izan zen Erromako Itunaren 50. urtemuga. Horren kariaz, «Europaren balioen eta nahikarien aldarrikapen politikoa» onartzea nahi du Bruselako Batzordeak. Bien bitartean, Batzordeak moldatutako testuak hauxe dio: «Europako herritarrek EBren ibilera eraginkorra izan dadin nahi dute, eta horretarako ezin da instituzioen garapenaren kontuan ados jartzearen zain egon».

Barrosoren eta komisarioen ustez, bada garaia «Europa ondoriotsu bat» eratzeko herritarren konfiantza «pausoz-pauso» lortzeko. Kutsu liberala duen Europako Konstituzioan irizpide sozialak sartzearren, EB osoan betebeharrekoa litzatekeen gizarte segurantza eredua finkatzea proposatzen du Batzordeak, «eskubideen karta» bat xedatuz.

Inkesten arabera EBko herritarren gehiengoa segurtasun kontuez kezkatua dagoelarik, kriminalitatearen aurkako polizia eta justizia lankidetza Batasunaren egituren eskuduntzetan jartzea, 2010erako immigrazio eta asilorako eredu bakarra xedatzea eta Mugetako Polizia komuna eratzea proposatu du Batzordeak. Defentsa alorrean EBk aurrera egin behar duela iritzi dio, era berean, Batzordearen txostenak. EBren hedapena «lorpen handia» dela dioen arren, herritar ugarik horri beldurra diotela ohartarazi du Batzordeak.

Europa eztabaidagai

Bulgaria eta Errumania EBn sartzeari buruzko erabakia datorren maiatzaren 16an hartuko dutela iragarri du Barrosok. Egun horretan, EBn sartzeko irizpideak —ustelkeriaren eta krimen antolatuaren kontra egiteko jarriak— betetzeko bidean bi estatuok egindako aurrerapausoen berri emango du Batzordeak. Litekeena da, halere, Bulgaria eta Errumania EBn sartzeko data 2007tik 2008ra atzeratzea, haiei baldintza gehiago jartzeko eskatu baitio Batzordeari Barrosok.

Europaren Egunari dagokionez, atzokoa hogeigarren urtemuga izan zen. Ospakizunen ardatz nagusia 25 estatu kideetako hiriburuetako taberna ospetsu mordoan antolatutako eztabaidak izan ziren. Ekitaldi honek oihartzun berezia izan zuen ekaina arte EBko presidentetza daraman Austrian, Vienako 27 tabernatan egin baitzituzten eztabaida hauek. Zenbaki honek gogorarazi nahi zuen Batasunean dauden 25 estatuak eta aurki sartuko diren beste biak. Europaren batasuna goraipatzeko beste ekimenik ere gauzatu zuten.

Hala, Estrasburgon (Alsazia, Frantzia), estatu kide bakoitzean ekoitzitako film bana pantailaratu zuten. Bruselan ateak irekitzeko ekitaldia egin zuten joan den larunbatean. Parisen, Eiffel dorrea Europako kolorez jantzi, eta metroko txartel bereziak inprimatu zituzten. Varsovian, EBren etxea inauguratu zuten. Madrilen, berriz, Europako sari andana banatu, eta film europar ugari pantailaratu zituzten. Lisboan, herritarrei «Europako historiaz» idazteko dei egin zieten, Atenasen, aldiz, Hezkuntza ministroak Europako kontuez Internetez solas egin zuen ikasleekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.