EBren goi bileran itunaren kontra daudenen kritikak nabarmendu dira

Merkelek herri guztiak kontuan hartuko ditu, baina aldekoek ez dute onartuko egiturazko aldaketarik

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2007ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
«Hogeita zazpiek arrazoizko arauak behar dituzte EBren beharren mailan egoteko; erronka berriei aurre egiteko balioko duten arauak izan behar ditu, badakigulako egungo arauekin EBk ezin duela kide gehiago hartu, etabeharrezkoak diren erabaki batzuk ezin ditu hartu». Moldatu nahi duten itunaz ari da Angela Merkel EBko txandakako presidentea hitz horiekin. Azken batean, Bruselako egunotako goi bilera horretara dator. Gaur egungo akordioek ez dute kide gehiago hartzeko aukera ematen, eta beste hainbat gaitan ere oztopo dira. Porrot egindako Konstituzioaren ordezkoa behar du Europak, baina honek orain hitzartzen saiatzen ari direnak ere ez ditu oztopo gutxi. Hain zuzen, ezezkoaren alde daudenen iritziak nabarmendu dira goi bileraren lehen egunean.

Europako politikarien bilgune bilakatu da Brusela egunotan, huts egindako Konstituzioaren ordez, gaur egun dauden itunak itxuratzeko asmoz. Baina erreforma egitea ez da erraza izango. Merkel Alemaniako kantzilerraren gidaritzak, hala ere, herri guztiak kontuan hartuta «itun justua» egitea bilatuko du. Baina Europak atzerri politika bateratua egitea eta estatuen gainetik egongo den legedia izatea jada lortu ezin daitezkeen helburuak dirudite.

Itunaren alde dauden herrientzat, berriz, bada garaia testua onartzeko. «Ezin da atzera egin», Romano Prodi Italiako lehen ministroaren arabera. Espainia, Italia eta Frantzia ez daude prest EBko ituneko egiturazko elementuak aldatzeko. Atzo horretan geratu ziren hiru herrietako buruzagiak.



INDARRAK NEURTZEN. Prodik esan du 2004an onartu zituzten erreforma konstituzionalak orain txartzat jotzeak ez duela zentzurik, historia amaigabea izan daitekeelako. Hain justu Erresuma Batuak Oinarrizko Eskubideen Ituna Europa osorako izatea onartu zuen orduan, eta orain itun horrek Erresuma Batuko legea ez duela aldatuko testuan espreski azaltzea nahi du. Hori, beste puntu batzuen artean.

Blairren gobernuak jarrera gogortu du azken egunotan, eta «negoziazio oso gogorrak» izango direla esan du bilera saioak hasi aurretik. «Lau puntu jarri ditugu mahai gainean, eta horietan aldaketa nabarmenak nahi eta espero ditugu». Oinarrizko Eskubideen Itunaz gain, atzerriko politika komuna egitea ez da Erresuma Batuaren gustukoa, munduan duen eragina ahulduko lukeelako. Sistema judiziala eta poliziala, eta zuzenbidearen gaineko eskumenak aldatzea ere ez ditu inolaz ere onartuko. Erresuma Batuko diru kontuak ereetxean gera daitezen nahi du, onura sozialak edota zergetan edozer aldatuko dion neurria alde batera utzita.

Poloniak ere gogor egingo duela jakina da, baina beste arrazoi batzuengatik. Lech Kaczynski presidenteak esaten jarraitzen du, Alemaniak aurkeztutako proiektua arazoa dela. EBko boto sistema biztanle gehien dituzten herrien aldekoa da, Alemania kasu, eta Poloniaren kontrakoa da bereziki. Bigarren Mundu Gerran galdutako herritarrengatik ordaina behar duela pentsatzen du: «Gerrarik izan ez balitz, Poloniak askoz biztanle gehiago izango lituzke».



FRANTZIAREN NAHIA. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea Angela Merkelen proposamenaren aldeko ez ezik, protagonismoa hartzen ari da itunaren aldaketek premia dutela esaten ari baita. Frantzia izan zen Europako Batasuneko Konstituzioaren krisia eragin zuen lehen herria, 2005ean, Jacques Chiracen garaian, erreferendum bidez frantziarrek ezezkoa eman ziotenean. UMP eta UDF alderdiek aldeko botoa eskatu zuten, baina ezkerreko alderdiek ezezkoaren alde jarri zuten herritarren gehiengoa.

Orain dauden itunei aldaketak eginez konponbidea jarri nahi dio arazoari Sarkozyk. Europa handitzeko aldaketak egitearen alde dagoen arren, ez du Turkia kide izatea nahi, eta oraingoan ez dutenez hori eztabaidatuko, aldaketa batzuk eginez aurrera egin dezake eztabaidak. Turkia ez du nahi Frantziak. Herri islamikoa delako, immigrazioa areagotuko lukeelako, eta daukan biztanle kopuruagatik botere handia hartuko lukeelako.

Herbehereak izan ziren Frantziaren ondoren ezezkoa eman ziotenak. Jan-Peter Balkenende lehen ministroa, orain, «oso pozik» dago Alemaniako presidentetzak aurkeztu duen zirriborroarekin. Hala ere, nabarmendu du ez duela «inolako bermerik» bere herriaren eskaerak kontuan hartuko direla. Parlamentu nazionalek EBren barruan indar gehiago izatea nahi dute Herbehereek, eta horrez gainera, EBn sartuko diren herrialdeek zein irizpide bete behar dituzten itunean barneratu nahi ditu, orain ez baitago halakorik.





Malta eta Zipre eurogunean izango dira 2008an

Europako Batasuneko Finantza ministroek eman behar diote baiezko ofiziala Malta eta Zipre eurogunean 2008an sartzeari, baina atzo jada EBko buruzagiek begi onez ikusi zuten egitasmoa. Datorren urteko urtarrilaren 1ean sartuko dira. Bi herri horiek sartutakoan, 15 izango dira eurogunean dauden herriak.

Uztailaren 10ean Finantza ministroek berretsi ostean, sei hilabeteko epea izango dute Zipreko libra eta Maltako lira desagerrarazteko eta euroa abian jartzeko.

Txanpon aldaketa egiteko ez dute trantsiziorik egingo. Behin euroa abian jarrita, hilabeteko epea izango dute soilik bi txanponak erabiltzeko. Euroguneko 12 kidek hiru urteko epea izan zuten aldaketa egiteko, eta Greziak bat .

Zipreren kasuan, herritarrek sei hilabete izango dituzte diru aldaketa egiteko behin abian jarrita, eta hiru urte Banku Zentralean. Maltan, berriz, hiru hilabeteko epea izango dute txanponen aldaketa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.