Hamas Europako terroristen zerrendatik kanpo ateratzeko agindu du Europako Auzitegi Gorenak, Hamasek 2010ean jarritako helegite baten ondotik.
Haren arabera, taldea zerrendan jartzeko erabakia ez zen hartu ikerketa baten ondoren, AEBetako iturriek emandako datuetan eta egunkariek argitaratutako informazioetan oinarrituta baizik. Horiek hala, eta Hamas "demokratikoki aukeratutako gobernu baten zati" dela argudiatuz hura terroristen zerrendan sartzea "giza eksubideen urraketa" dela salatu zuen Hamasek.
Hala ere, epaiaren arabera, eta behin-behinean, Hamasen kontrako zenbait neurrik indarrean jarraituko dute; esaterako talde palestinarraren diru kontuek izoztuta jarraituko dute gutxienez hiru hilabetez, ikerketaren emaitzak jasotzen diren artean.
Erabakia, baina, ez da denen gustukoa izan. Israelgo lehen ministroak, Benjamin Netanyahuk, gaitzetsi egin du iragarpena eta Hamas berriz ere zerrendan sartzeko eskatu. "Prozedurazko akatsak egin direla esatea ez da nahikoa azalpen halako erabaki bat hartzeko".
Estatu izaera jokoan
Ebazpena behin-betikoa ez den arren, une erabakigarrian dator, izan ere Palestinaren estatu izaeraren inguruko bozketa egingo dute gaur Europako Parlamentuan. Azaroaren amaieran eztabaidatu eta adostutako testuak Palestinaren estatu izaera aitortzen du eta bi estatuen irtenbidea proposatzen du Ekialde Hurbileko gatazkaren irtenbide gisa.
Horretaz gain, PAN Palestinako Aginte Nazionalak oso antzeko proposamena aurkeztuko du gaur NBEren osoko bilkuran. Bertan Palestinaren estatu izaera aldarrikatzeaz gain, Israelek lurralde okupatuetan dituen tropak bi urteko epean erretiratzeko ere eskatzen dute. AEBk, ordea, dagoeneko iragarri dute beto eskubidea erabiliko dutela.