Uda hasieran eskainitako titulua errepikatu du David Cameronek, ia hitzez hitz berretsi baitu Erresuma Batuak EB Europako Batasunarekin duen harremanaren inguruan erreferendum bat egiteko asmoa. Oraingoan, Alderdi Kontserbadorea Birminghamen —Ingalaterrako bigarren hirian— egiten ari den urteroko kongresuan egin ditu adierazpenak, beraz, erranahi handiko plazan, haren alderdiko sektore bat izan baita galdeketaren alde presio egin duena. Sektore horrek, Erresuma Batua EBtik ateratzea nahi du, eta galdeketa 2015eko hauteskundeak baino lehen egitea. Lehen ministroak, ordea, udan erakutsitako jarrerari eutsi dio: erreferendumean ez da «sartu/atera» aukera proposatuko, eta ez da hauteskundeen aitzinetik eginen. «Hobe da gaia oraingoz bazter batean uztea».
Cameron bi fronteren artean dago auzi honetan. Alde batetik, Alderdi Liberala gobernuko bazkidea eta oposizioko Alderdi Laboristak EBren aldeko jarrera dute, beraz, kontserbadoreak nagusi izan arren, gaur egun duten sostenguaren arabera, Cameronek ez luke ziurtzat joko erreferendum batean batasunaren aurkako diskurtsoarekin joanda garaile ateratzea. Bertzalde, Alderdi Kontserbadoreko sektore euroeszeptikoa du bultzaka. Duela hilabete batzuk, John Baron parlamentariaren ekimenez alderdiko ehun kidek eskutitz bat bidali zioten Cameroni EBn jarraitu ala ez erabakitzeko galdeketa bat antola zezala eskatuz.
Cameron, erdibidearen bila
Horregatik, lehen ministroak oraingoz irtenbide bat bilatu du: galdeketarako erdibide bat proposatu, baina erabakia 2015ean sortuko litzakeen parlamentuaren esku utziz. «Beti egon naiz sartu/atera erreferenduma egitearen aurka, ez bainago ateratzearen alde, baina oraingo statu quo-ak ere ez nau asebetetzen», azaldu dio Cameronek BBCri Birminghametik. Diru bakarra salbatzeko euroguneak aldaketak eginen dituela eta, lehen ministroaren ustez, horrek aukera emanen dio Londresi «Europarekin akordio berri eta hobe bat egiteko». Akordiorako proposamenaren xehetasunik ez du eman, baina erran du Alderdi Kontserbadoreak 2015erako hauteskunde programan eramanen duela galdeketa egiteko asmoa.
Udan parlamentuan egin zituen adierazpenetan, «Europa gutxiago» egon beharko litzatekeela aldarrikatu zuen Cameronek, hau da, eskumen gehiago Bruselaren esku uztearen aurka agertu zen, eta lehendik utzitako hainbat berreskuratzearen alde.
EBri buruzko galdeketa egiteko asmoa berretsi du Cameronek
Erresuma Batuko lehen ministroak berriz zehaztu du erreferendumean ez dela Europako Batasuna uztea proposatukoGaldeketa 2015eko hauteskundeen aitzinetik egitea baztertu du Cameronek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu