Ohar baten bidez, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek Kolonbiako Gobernuari eskatu diote "historia indarkeriaren hasieratik ikertzeko batzorde bat" osatzeko. Kolonbiako herritarrez nahiz atzerritarrez osatuko litzateke batzorde hori, gerrillaren esanetan.
Aditu taldeak "konfrontazioaren jatorria" zehaztu eta "indarkeria alderdikoia" aztertu beharko ditu; baita elementu horiek "FARCen sorreran eta gaur egunera arteko gertakarietan izandako eragina ere". Gerrillaren arabera, "armetan altxatutakoez gain gatazkaren parte izan direnen erantzukizunak" zehaztu beharko ditu batzordeak. Bertan jasoko lituzketen ondorioek "berrikusi eta osatu" egingo lukete Kolonbiako Gobernuak sustatutako Oroimen Historikoaren Taldeak eginiko txostena.
Parte hartze politikoaren inguruan eztabaidatzen ari dira orain. FARCeko gerrillariek politikan parte har dezaten bidea urratzea da bigarren puntuaren helburua. Orain arte, Kolonbiako alderdiek eta mugimendu sozialek begi onez ikusi dute aukera hori, Alvaro Uribe presidente ohiaren PCD alderdiak izan ezik. FARCeko kideak politikara batu daitezen, ordea, hainbat oztopo gainditu beharko dituzte bi aldeek. Alde batetik, gobernuak esana duelako amnistiarik ez duela aginduko; eta, bestetik, AEBek ere atxilotze agindua emana dutelako FARCen buruen aurka. Bestalde, parte hartze politikoa sustatzeko eta oposizioa egin ahal izateko, "segurtasuna bermatzeko neurriak" aurreikusten ditu Habanan sinatutako itunak.
Iazko urriaren 8an Oslon eta azaroaren 19an Habanan hasi ziren bake elkarrizketak, negoziazio agendan bost puntu zehaztu zituztela. Maiatzaren 26an, lurren auziari buruzko akordioa erdietsi zuten bi aldeek.