"Irak-eko gerraren egia jakitea baino ez dut bilatzen". Hala esan du gaur Julian Assange Wikileaks Interneteko atariko sortzaileak, Londresen. Wikileaksek gerrari buruzko 400.000 idatzi sekretu argitaratu ditu hedabideetara egindako filtrazioen bidez eta, besteak beste jakin da Ameriketako Estatu Batuek esan baino hamabost mila zibil gehiago hil direla.
AEBetako armadak Iraken egindako hilketen, torturen eta bortxaketen berri dator dokumentu horietan. Inoiz ikertu gabeko kasuak dira. Wikileaksek joan den uztailean AEBetako armadaren Afganistani buruzko 92.000 idatzi sekretu argitaratu zituen.
"Egia izaten da gerra batean lehen biktima", Assangeren arabera, "baina egiaren aurkako erasoak gerra bera baino lehenago hasten dira, gudan segitzen dute eta ondoren ere bai". Haren hedabidea izugarrizko presioak jasotzen ari da informazio gehiago ez kaleratzeko.
Sareko atari horrek jakinarazitako datuek diote Iraken, 2003an AEBek okupatu zutenetik, 150.000 lagun hil direla, eta horietatik %80 inguru zibilak direla. "Material honetan 109.000 heriotzei buruzko dokumentazioa dago. Gure iturriei hitz eman genien ahal den oihartzun handiena lortzen saiatuko ginela dokumentu hauek argitara emanda, eta uste dut oso gertu gaudela".
munDUA
"Egiaren bila"
Wikileaks Interneteko atariak Irakeko gerrari buruzko 400.000 dokumentu sekretu atera ditu. AEBetako armadaren hilketen, torturen eta bortxaketen berri dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu