Ezkorrenak ditu aurka El Baradeik, orain gutxi arte IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusi izan denak. Atzerritik bueltatu berritan, ez duela politikan aritzeko zilegitasunik diote eszeptikoek. Baina atzerrian egon izanak bihurtzen du sinesgarri haren konpromisoa. Askok uste dute, izan ere, Egipto txukundu dezakeenik egon baldin bada urteak atzerrian edo kartzelan pasa dituenak izan behar duela hori.
Psikologia politikoa astindu izana, behintzat, etxerakoa egin berri duen horri zor diote. Hala azaldu dio BERRIAri Egipton demokrazia sustatu asmo duen Ibn Khaldun Zentroko aholkulariak, Moheb Zakik: «Askoren itxaropena piztu du El Baradeik, eta intelektual asko mobilizatu ditu. Kanpaina indartsua hasi dute haren hautagaitzaren alde». Hurrengo hauteskundeetan Gamal Mubarak aurkezten bada, horri aurre egin ahalko dion bakarra El Baradeirena dela uste du Zakik.
Presidentearen semea da Gamal Mubarak, baita balizko hautagai sendoena ere. Dena dela, ez dago argi aita aurkeztuko den, edo horrek politika alde batera utzi eta semeari lekukoa pasatuko dion -asko dira jada Mubaraken dinastiaz mintzo direnak-. Bat edo beste izan, haatik, El Baradeiren hautagaitzaren alde egitea izango da oposizioaren irtenbide bakanetakoa.
«Hurrengo hauteskundeetan lehiatzeko aukera izango duela uste dute batzuek. El Baradeiri presidentetzarako bozetara aurkezten utziagatik ere, haiek irabaz ez ditzan agintariek trikimailu denak egingo dituztela uste dute beste hainbestek». Azken gertaerez galdetuta, El Baraideren itzulerak ez duela sentimendu homogeneorik eragin dio Zakik. Gainera, errealitate prekarioak politikagintzan nabarmen eragiten duela uste du: «Dena dela, gehiengoak nahiko lan badu egunorokoari aurre egiten. Biztanleriaren erdiari kosta egiten zaio bizirik irautea».
Hauteskundeak
Azaroan egingo dituzte Legebiltzarrerako hauteskundeak Egipton; presidentetzarakoak, datorren urtean. Hosni Mubarak agintzeaz ase den ez da argi oraindik, baina. Haren gertukoen irudiko, jarraitu egingo du; Mubarakek berak esana baita azken hatsa bota arte ez duela amore emango -merezita dauka, hartara, azken faraoia ezizena-. Hala, gazte eta militar zeneko poseari eusten badio ere, agintean zahartu direnen artean ageri da. Alabaina, 81 urte ditu, eta ajeak ezkutatzen ahalegindu arren -haren osasunaz idatzi duten kazetari bat edo beste preso hartu du erregimenak-, zahartzaroa ezin ezkuta dezake orain urte batzuetatik hona.
Hil honetan bertan egin diote ebakuntza Egiptoko presidenteari, behazunagatik. Ia hilabete egin du Alemanian, mediku hoberenen esku. Eta, dena kontrolpean izan beharraren obsesioak eraginda, ez da kasik informaziorik argitaratu haren ospitaleko egonaldiaz. Haatik, informazio falta horrek sortu ditu Mubarakek hainbeste gorroto dituen zurrumurruak. Haren oinordetzaren auzia berritzea eta El Baradei itzultzea bat izan dira, gainera.
Gorabehera horiek guztiek, halaber, izan dute eraginik atzerrian. Mendebaldeko ekonomia handienek ere badute zertaz kezkatu, bai herrialde arabiar moderatuenarekin eraikitako aliantzak kolokan ikusi nahi ez badituzte. Izan dute zer esana, izan ere, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta EB Europako Batasunak Mubaraken agintaldi luzean. Haien konplizitaterik izan ez balu, ez zen hainbeste urtez izango agintean.
Konstituzioaren erreforma
«Ez da gertatuko halakorik; Mubarakek ez du ezer erreformatuko, horrek bere erregimena kolokan jartzen badu behintzat.Erokeria litzateke erregimen autoritario batek ahalakorik egingo duela pentsatzea». Zakik ez du erreforma sakonik espero; ez agintean, ez Konstituzioan. Eta hori eskatzen du, hain zuzen, Mohamed El Baradeik sutsuen: Konstituzioa erreformatzea. Egungoak muga zurrunegiak ezartzen baititu edozein aldaketa egiteko. Han jasotzen den hauteskunde sistemak ere aukera gutxi ematen ditu Mubarak ez den beste inorentzat.
Hala eta guztiz ere, estrategia egokia aukeratu du IAEAko zuzendari izandakoak. Oposizioko ideologia baten edo bestearen alde egin gabe, izan ere, Konstituzioa aldatzearen aldeko diren ia alderdi guztien sostengua ari da eskuratzen. Orain arte arerio politiko zirenak bat eginda azaldu dira azken egunetan.
Egungo esparru konstituzionalaren arabera, presidentetzarako bozetan lehiatu nahi duenak 250 diputaturen oniritzia jaso behar du aurretik. Sostengua ematen dutenak edozein ganberatakoak izan daitezke, baita tokiko kontseiluren batekoak ere; dena dela, Mubaraken alderdiak gehiengo zabala du organo legegile denetan. Horregatik nahi dute aldatu Konstituzioa Egipton; nahita ere, bestela, aukera gutxi izango dituelako IAEAko zuzendari izandakoak haietan parte hartzeko.
%35
Pobrezia larria. Ibn Khaldun Zentroaren arabera, herritarren %35 pobrezia larrian bizi dira Egipton. Beste %25 pobreziaren mugatik gertu daude. Herritarren %33 eskolagabeak dira, gainera, eta azken urteetan herrialdearen ekonomiak nabarmen egin du behera.Irregulartasunak salatu dituzte presoen exekuzioetan
Salbuespen egoera indarrean denetik, 1981tik, nabarmen okerrera egin du giza eskubideen egoerak Egipton. Presoen exekuzioek, besteak beste, alarma piztu dute. Iaz 269 exekuzio zenbatu zituzten; Amnesty Internationalek uste du hiltzera kondenatutakoak gehiago direla, ordea, eta irregulartasunak ere salatu ditu.Hosni Mubarak
Egiptoko azken faraoia
Muturreko islamistek Anuar Sadat hil zutenean bihurtu zen Egiptoko presidente, 1981ean. Ordura artekoak, berriz, aire armadan egin zituen. Presidente karguan bosgarren agintaldia du dagoeneko. 1979an berak sinatu zuen Israelen eta Egiptoren arteko bake akordioa.Mohamed el Baradei
Nazioarteko politikaria
Bakearen Nobel saria eman zioten 2005ean, eta 1997tik iazko azaroa bitarte IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari izan zen. Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta haiek bukatu eta segituan Egiptoko Gobernuarentzat aritu zen lanean.Saad Eddin Ibrahim.Giza eskubideen aldeko ekintzailea
Nazioarteari esker izan da Mubaraken agintaldia herrialde hartako luzeenetako bat,soziologo egiptoarraren iritziz, baina aldaketa gertu dagoen esperantza du.
«El Baradei irtenbidea da askorentzat; esan liteke beste Obama bat dela»
I. Zubiaurre / A. Elizegi.Egiptoko presidente Hosni Mubarakek diseinatutako legediaren ondorioak bere larruan jasan ditu Saad Eddin Ibrahimek (1938, Bedeen, Egipto). 2002an zazpi urteko kartzelara zigortu zuten, herrialdearen irudiari kalte egin eta dokumentuak faltsutzeagatik. Nazioarteak epaiketa politikotzat jo zuen erabakia. Egun AEBetan bizi da, baina ongi erreparatzen dio aberriko egoerari.
Mubaraken osasun arazoek haren geroari buruzko zalantzak indartu dituzte. Aldaketan pentsatzen hasteko unea da?
Bai. Kontuan izan behar dugu 2011ko urrian egingo dituztela presidentetzarako bozak. Ordurako lau aukera posible daude. Lehena, eta hori da haren familiak nahi duena, Gamal Mubarak seme gazteena aukeratzea haren oinordeko. Agintean dagoen alderdia ere horren alde legoke. Bigarrena bozen bidea da. Kasu horretan Mohamed el Baradeiren izena nabarmendu behar da. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari ohia apirilean itzuli zen Egiptora. Izen oneko gizona da, eta nazioartearen sostengua du. Aurkari sendoa da, baina oztopo bat gainditu behar du bozetara aurkezteko. Konstituzioa bera; testuak Mubaraken gertukoei soilik ahalbidetzen die presidentetzara aurkeztea.
Hirugarren aukera Mubarak seigarren agintaldira aurkeztea da. Kasu horretan, kanpotik etorritako aurkariaren aurrean irabazteko %60ko aukerak izango lituzke, estatuko makineria guztia bere alde izango lukeelako. Azkenik, laugarren aukera, estatu kolpea da; armadak agintea hartu eta hiru edo lau urteren ostean trantsizioko gobernua jartzea, alegia.
Nola lortu Mubarakek botereari horrenbeste denboran eustea?
Hura 28 urtez egon da presidentetzan. Egiptoren historiako agintaldi luzeenetan hirugarrena da harena. Hori lortu du erabateko kontrola edukiz. Armadari esker lortu zuen agintea, eta haren babes osoa du. Horretaz gain, nazioarteak Anaia Musulmanen alternatiba gisa ikusten du. Ez dute nahi islamistek boterea hartzea, eta, horregatik, laguntza ekonomiko eta diplomatikoa ematen diote estatuburuari. Hala ere, argudio hori ahuldu egin da El Baradei Egiptora itzuliz geroztik.
Zer ondorio izan ditzake haren itzulerak?
El Baradei irtenbidea da askorentzat; esan liteke beste Barack Obama bat dela. Jende asko ari da lanean Konstituzioa erreformatzearen alde, El Baradeiri bozetara aurkezteko aukera emateko.
Eta Anaia Musulmanak?
Mendebaldeak ez luke onartuko horiek agintera heltzea, eta, horregatik, hautagaia aurkeztu beharrean, sostengua agertuko diote El Baradeiri.
Zein iritzi duzu nazioartearen jarreraren inguruan?
Sostengu morala eta ekonomikoa eman dio nazioarteak Mubaraki. Hala ere, duela hamar egunAEBetako Estatu Departamentuak ohar batean esan zuen beren lehentasuna dela Egipton hauteskunde aske eta gardenak egitea. Washingtonek eta Europako Batasunak bat egiten badute kausa horren alde. Mesede izugarria egingo diote demokraziari.
Zein da egun gutxiengoen egoera?
Kristau koptoak dira Egiptoko gutxiengo handiena; herritarren %10 inguru dira. Hala ere, baztertu dituzte eta jazarri egin diete maiz Gobernuak eta talde musulmanek. 28 urteotan nabarmen ugaritu dira talde etniko eta erlijiosoen arteko liskarrak, eta eraso horien biktima nagusiak dira kristau koptoak. Haien giza eskubideak betearaztea oinarrizkoa da arrazoi askorengatik. Horietako bat da eurak direla herrialde horretako jatorrizko biztanleak.