Aurreko presidentea, Anuar al Sadat, hil zutenean 1981eko urria Legebiltzarrak Mubarak izendatu zuen presidente. Haren lehen erabakia Larrialdi Legea indarrean jartzea izan zen. Egun indarrean dago oraindik. Gobernuak oposizioko talde eta militanteen aurkako hainbat neurri onartu ditu horretaz baliatuz. Azken aldian, baina, Egiptoren aliatu nagusiak, Washingtonek, Mubaraken politika kritikatu eta hauteskunde askeak bermatzeko eskatu dio Kairori. Horrek berehalako eragina izan du orain arte bozkatzeko sistema aldatzearen aurka agertu den Mubarakengan.Gaur lege berriari buruzko erreferenduma egingo dute. Herritarrak parte hartzera deitu ditu agintean dagoen Alderdi Nazional Demokratikoak. Oposizioak, aldiz, gogor salatu du Mubaraken «maskarada» eta haren aurkako protesta ekintzetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. «Galdeketan baiezkoa nagusituz gero, Mubaraken alderdiak berea izango du agintea», salatu zuen oposizioan dagoen Al Wafd alderdiko buruak.
'Kefaia'
Independenteak ez diren hautagaiek 30 legebiltzarkideren babesa jaso behar dute bozetara aurkezteko. Alderdiek, berriz,bost urte lehenago sortuak izan behar dute. Horretaz gain, Kairok ez du nahi nazioarteko begiraleek bozak kontrola ditzaten. Era berean, hauteskundeetan Mubaraken alderdiaren aurkari nagusia Anaia Musulmanak legez kanpo dago eta hilabete bakarrean talde horretako 945 militantetik gora atxilotu dituzte. Azken 15ak atzo atxilotu zituzten. Igandean beste 25 eraman zituzten preso. Horien artean, alderdiko idazkari nagusi Mahmud Ezat. Legez kanpo dagoen talde bati laguntzea eta boikotaren aldeko afixak banatzea leporatu zieten.
Oposizioak, eskuak lotuta dituela ikusita, kefaianahikoa da oihukatzea erabaki du. Izen horrekin Gobernuaren aurkako hainbat ekintza antolatu ditu azken asteotan eta «dolu eguna» deitu du gaurko. Hauteskunde Legea osorik baino, puntuz puntu bozkatu behar dela dio oposizioak. Hori lortzeko eta Mubaraken planak oztopatzeko helegitea jarri zuen Tagammu alderdiko buru Rifaat Saidek. Auzitegi Administratiboak, baina, legezkotzat jo zuen Gobernuaren erabakia. Era berean, onargarritzat jo zuen Barne ministroak Sistema judizialeko kide ez direnei galdeketa gainbegiratzeko baimena ematea. Lau dira kefaia-ren helburu nagusiak: 1981az geroztik indarrean dagoen larrialdi legea indargabetzea; presidentearen eskumenak mugatzea; oinarrizko eskubide eta askatasunak eta botere banaketa bermatuko dituen Konstituzioa eratzea; eta giza eskubideenganako errespetua bermatzea. «Beldurraren kultura gainditu dugu eta, 50 urteren ostean, manifestatzeko eskubidea lortu dugu», nabarmendu zuen mugimenduko arduradun George Ishakek.
«Poliki, baina bide onetik»
Urteetan zehar, AEB Ameriketako Estatu Batuen aliatu garrantzitsua izan da Egipto. Baina azken aldian, Washingtonek aldatu egin du Kairorekiko jarrera, nazioartearen oniritzia jaso eta bere interesak defendatu nahian agian. Hala ere, Egiptoko lehen ministro Ahmed Nazifen arabera, gustura dago Bush Mubarakek hartutako erabakiarekin. Horren adierazgarri AEBetako presidentearen emazte Laura Bushen adierazpenak: «Hauteskunde legea aldatzea erabaki ausarta izan da. Ez dugu ahaztu behar erreforma politikoak motelak izan ohi direla». Horrela erantzun zion oposizioko Ghad alderdiko Mazen Mustafak: «Erreformak aurreraka eta motel baino, atzeraka doaz».
Hiru dira hauteskundeetara aurkezteko aukera duten oposizioko alderdiak : Al Wafd, Tagammu eta Nasserista. Baina herritarrei etxean geratzeko eskatu diete hirurek. Erreferendumean parte hartzea hura legezkoa dela onartzea dela diote. Horretaz gain, hautesleen zerrendak gainbegiratuko dituzten epaile independenteak ere eskatu ditu oposizioak, aurreko hauteskundeetako zerrendetan hildakoen izenak zeudela argudiatuz. Era berean, Gobernuak euren lanean esku hartuz gero, ez dituztela bozak gainbegiratuko ohartarazi zuten Kairo eta Alexandriako epaileen elkarteek.
hosni mubarak
Egiptoko presidentea
Faraoi modernoa
Egiptoko bigarren agintaldirik luzeena da Hosni Mubarakena (Menofia, 1928) eta beste sei urtez presidente izateko prest dago. 1981ean hautatu zuen presidente Legebiltzarrak. 24 urte orotara. Faraoien gisan, hil arte agintean jarraitzeko asmoa duela diote askok. Beste askoren ustez, berriz bere seme Gamalek hartuko du haren lekua.
Aire Armadako pilotu izan zen lehenik, eta talde bereko buruzagi gero. Aurreko presidentea, Anuar Sadat, hil zutenean, bera zen presidenteordea. Handik aste batzuetara hartu zuen presidente kargua, herritarren onespena jaso ostean. Geroztik sei aldiz saiatu dira bera hiltzen. Hala ere, inoiz ez du presidenteorderik izendatu nahi izan. Haren ordezkoa bere semea izango dela ere ukatu egin du. Bere alderdiak, Alderdi Nazional Demokratikoak, eserlekuen %90 ditu Legebiltzarrean. Azken asteotan kritika gogorrei egin die aurre presidenteak, Hauteskunde Legea dela eta.