Milioika egiptoar kalera atera ziren atzo, parlamentuko ordezkariak aukeratzera, historian egin dituzten lehendabiziko hauteskunde libreetan. Nahiz eta aurreko astean liskarrak izan ziren Kairoko Tahrir plazan, aurreneko hauteskunde eguna guztiz lasaia izan da, eta herritarrek ilara luzeak osatu dituzte bozkalekuetaraino. Aurreko astean, erabaki zuten hauteskundeek bi egun iraungo zutela, eta atzo bertan bi ordu atzeratu zuten bozkalekuak ixteko garaia, boto-emaile guztiek aukera izan zezaten. Sexuaren arabera bereizita eman dute botoa: leku batzuetan gizonek, eta beste batzuetan emakumeek. Egiptoko 27 probintzietako bederatzietan bozkatuko dute atzo eta gaur; besteak beste, Kairon, Alexandrian, Luxorren eta Port Saiden.
Carter Institutua da atzerriko erakunde bakarra hauteskundeak ikuskatzeko baimena lortu duena, eta, haren arabera, istilu txiki batzuk izan dira Kairoko Ain Shams barrutian, botopaperak falta zirelako, baina, oro har, ez da arazorik izan. Bozkalekuetako sarreretan, soldaduak eta poliziak segurtasuna zaintzen aritu dira, eta dozenaka boluntariok eskuorriak banatu dituzte, bertan hautagaien aurpegiak zirela, oraindik dudan zebiltzanak erakarri nahian, nahiz eta ez dagoen batere garbi hori legezkoa den. Bozkaleku guztietan, Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiko militanteek, eta beste batzuetakoek ere bai, herritarrei «zalantzak argitzen» jardun dute.
Mohamad Gamalek 22 urte ditu, eta Islahu Tanmija alderdiko hautagaien eskuorriak partitu ditu Shubra el Fundukija bozkalekuan, Kairoko iparraldeko Shubra auzo jendetsuan. «Ez dakit zein den alderdiaren egitasmoa, baina badakit hautagaiak pertsona zintzoak direla», esan du Gamalek, hauteskundeek «bakea eta askatasuna» ekarriko dutelako esperantzaz. Ilara berean, Eid Mahmudek kontatu du han bildutakoak direla «egiatako egiptoarrak, ez Tahrirkoak». Ahmad el Bindari kontularia da, 47 urtekoa, eta kontra egin dio, haserre: «Tahrirko jendea herrialdeko onena da. Junta Militarrak alde egin behar du!». Baretu denean, El Bindarik bota du urtarrilaren 25eko gazteei esker egin ahal izan direla hauteskundeak —egun horretan hasi zen iraultza—, eta hauteskunde hauen eta aurrekoen arteko aldea nabarmendu du: «Hamabiak dira, eta bederatziak geroztik nago ilaran; aurreko hauteskundeetan, 15-20 lagun izaten ziren ilaran, gehiago ez. Lehen, gainera, Mubaraken alderdiak irabazten zuen, botoen %99 bilduta, eta hori orain ez da gertatuko». Hauteskunde hauetan, Shubra auzoa toki arazotsua izan liteke, kristau asko bizi baita bertan. Haietako bat da Victor Fahrilias, 33 urteko ingeniaria, eta garrantzia kendu dio erlijioaren gaiari: «Jendeak ez du arazorik horregatik». Fahriliasek, irribarre zabal batez, honela laburbildu du jendearen sentimendu orokorra: «Jendea sentitzen ari da baduela bere etorkizunaz erabakitzeko bidea».
Maadi barrutiko El Jabiri bozkalekura iristeko, asfaltatu gabeko kale estu batzuetatik ibili beharra dago, adreilu gorriz eginiko etxe apal batzuen artean. Han, askoz gehiago dira Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiaren eta salafisten aldeko pankartak, beste edozein alderdi edo hautagairen aldekoak baino. Kairoko Unibertsitateko medikuntza irakasle batek ez du bere izena eman nahi izan, baina kontatu du «islamista» dela, «baina ez anaien aldekoa». Ezin hobeto jantzita, irakaslea pozik agertu da, eta kontatu du botoa eman duen lehen aldia dela eta, gainera, «bestelako herrialde baten oinarriak jartzeko» bozkatu duela.Ilaran harantzago, 26 urteko musikari bat dago, Adam el Alfi; zain dago, lasai-lasai, nahiz eta, haren ustez, «hau ez den garai egokia hauteskundeetarako, jendeak ez baitaki alderdiek zer programa duten». Alfik ez du zorionik entzun nahi: «Oraindik asko falta da demokraziaz hitz egin ahal izateko».
Aktibistak
Aurreko asteko bigarren ekinaldi iraultzaileak aktibistei aukera eman zien hauteskundeei boikota egiteko eta, hala, Egipto gobernatzen duen Junta Militarraren egitasmoei zilegitasuna kentzeko. Igandean, Zeinobia blogariak aukera horretaz idatzi zuen Egyptian Chronicles blogean, baina baztertu egin zuen, «aldez edo moldez zilegiztatuko dituztelako hauteskundeak» eta, gainera, «egiptoar xehe askok botoa emango dutelako». Zeinobiak uste du boikot egiteko ezinbestekoa zela kanpaina sendo luzea egitea, eta ez da halakorik izan.
Dina Abulseud atzo joan zen botoa ematera. Kairoko erdialdeko hotel baten buru da, 35 urtekoa, eta Emakume Iraultzaileen Koalizioa sortzea erabaki du iraultzaren ondoren: «Emakumeari dagokionez, gauza guztiak aldatu behar dira: emakumeari begiratzeko eta hura tratatzeko modua, bai eta emakumeak bere buruari begiratzen dion modua ere. Utzi egin behar diogu gizonen zerbitzurako bizi garela pentsatzeari». Abulseudek egun batzuk pasatu ditu telefono deiak jasotzen, nori botoa eman galdezka aritu baitzaizkio, eta segurtatu du egiptoarrak ez daudela prestaturik. «Gauza bakar bat dakigu: ez dugu nahi ez islamistarik eta ez aurreko erregimeneko jenderik. Baina ez dakizkigu ezta hautagaien izenak ere, ez baitago informaziorik». Abulseudek penaz ikusten du parlamentuko emakume kuota desagertu izana; lehen, 500 eta gehiago aulkietatik 64koa zen kuota. Haren ustez, «hilabete hauetan atzerapauso bat eman da» emakumeei dagokienez, behin-behineko gobernuan emakumea bakarra baitzegoen, «apaingarri».
Egiptoarrak samaldaka joan dira botoa ematera, istilurik gabe
Liskar txiki batzuk kenduta, ez da aparteko arazorik izan; gizonek eta emakumeek bereizita bozkatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu