Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroak lau egun egin ditu Kairon, eta Mohamed Mursi Egiptoko presidentearekin egin du bilera, besteak beste. Kairok oraindik ez du bileraren ondoriorik argitu; Haniyehek bai, ordea. Egiptok Gazako mugan duen Rafaheko sarbidea egunean hamabi orduz zabalduko duela iragarri du Hamas alderdiko agintari eta Gazako gobernuburuak.
Goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak bitartean zabalduko dute muga egunero, eta egunean 1.500 lagunek igaro ahal izango dute. Gainera, Haniyeheren arabera, Kairok agindu du 72 orduko bisa emango diela atzerriko edozein herrialdetatik iristen diren palestinarrei. Egiptok, dena dela, ez du informazio hori baieztatu.
«Aurrera pauso oso garrantzitsua da Gazari jarritako blokeoa arintzeko», adierazi du Haniyehek. Izan ere, Hosni Mubarak presidente ohiak 2007an itxi zuen Egiptok Gazarekin duen muga—hark Israel ez den beste herrialde batekin duen lurreko muga bakarra—, Tel Avivek palestinarren kontra eginiko blokeoa indarrean sartu zuenean.
Tunelak
Bi agintariek palestinarrek mugan egindako tunelez ere berba egin dute, eta horiek ixteko eskatu dio Mursik. «Tunelena behin-behineko fenomeno bat zen, palestinarrek bizitzeko elementu guztiak galdu zituztenenean sortutakoa. Euren beharrizanak asetzeko erabili zituzten tunelak, euren eskubide naturala da. Baina Gazari ezarritakosetioa amaitzen bada, tunelak ez dira beharrezkoak izango», azaldu du Gazako lehen ministroak.
Egiptok Gazako muga irekiko duela dio Haniyehek
Egunero hamabi orduz zabalduko du Kairok 2007. urteaz geroztik blokeatuta egon den sarbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu