Egiptok

Gobernuak galarazia du Anaitasun Musulmana oposizioko talde nagusia, eta horrek independente gisa soilik ditu diputatuak. Jazarpena salatzeko, gaurko udal bozak boikotatzeko eskatu du.

2008ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Egiptoko oposizioko alderdi nagusiak, Anaitasun Musulmanak (Al Ikhuan al Muslimun, arabieraz), gaur egingo dituzten udal hauteskundeak boikotatzeko deia egin du, Gobernuak berari jazartzen diola eta bozetarako erregistratzea eragozten ibili dela argudiatuta. Asteotan mugimenduko 800 bat kide atxilotu ditu Poliziak, eta bozetan 50.000 bat eserlekuengatik lehiatzeko aurkeztu nahi zituen 10.000 hautagaietatik soil-soilik 21i ahalbidetu die Hosni Mubaraken gobernuak zerrenda ofizialetan agertzea. Hala, Gobernuak «Justiziari muzin» egin diola eta «hauteskunde prozesua manipulatua» dagoela salatu du taldeak. Egiptoko mugimendurik zaharren eta nagusietakoari berriz ateak itxi dizkiote Mubarakek eta honen NDP Alderdi Demokrata Nazionalak. Duela bi urteko erreformak udal bozen garrantzia handitu du, eta horretan datza oposizioaren aurkako maniobren gakoa. NDP da orain ere bozetarako faboritoa.

Anaitasun Musulmanak dio traba franko jaso zituela hautagaiak erregistratzeko garaian. Beste hainbat trikimailuren artean, NDP alderdiak bere jarraitzaile ugari bidali zituen erregistro bulegoetan ilara luzeak osatzeko, islamisten hautagaiak epetik kanpo gera zitezen. Epaileek zerrenda guztiak aztertu zituzten, eta islamisten talde nagusiaren 3.890 hautagairi argi berdea eman arren, Gobernuak ebazpenei muzin egin diela kexu da Anaitasun Musulmana. «Guk tokiko bozetan parte hartzeko erabakia hartu aurretik, anaien aurkako atxiloketa kanpaina hasi zuten probintzietan, bozetan parte hartzera zihoazela leporatuta, hori delitua balitz bezala», salatu zuen atzo mugimenduko ordezkari Hussein Ibrahimek, Kairon eginiko prentsaurrekoan.

Talde islamistaren arabera, ebazpen horiez gain, beste 889 kaleratu dituzte epaileek, kasu honetan bozak bertan behera uzteko.

Ibrahimen hitzetan, Polizia bere hautagaien etxeetan sartu, eta hauen agiri eta ordenagailuak miatzeaz gain, emazte eta umeei jazarri diete, eta dendak eta konpainiak itxi dituzte. «Hauteskunde eguna hurbildu ahala, agintariek mertzenarioak erabili dituzte hautagaiei erasotzeko, hauek paperak aurkeztera zihoazela».

Oposizioko beste talde batzuk ere kexatu dira Gobernuak jarritako oztopoengatik; traba burokratikoetatik hasi eta erregistro bulegoetan pairatutako erasoetarainoko jazarpenak salatu dituzte.

Nazioarteko giza eskubideen eta eskubide zibilen aldeko erakundeek Kairok oposizioaren kontra eginiko jazarpena gaitzetsi dute. «Mubarak presidenteak, itxura batean, uste du bozen emaitza ezin dela boto emaileen esku utzi», salatu du Human Rights Watch erakundeak Ekialde Hurbilerako duen zuzendari Joe Storkek. HRWk iragan martxoan ohartarazi zuen oposizioko ehunka kide eta hautagai posibleak atxilotzea «emaitzak manipulatzeko saio lotsagarria» zela.

Etxe Zuriak ere bere kezka agertu du «atxiloketa kanpainarekin».

Mubaraken -1981etik dago boterean- NDP alderdiak, ordea, ez du jazarpen eta oztoporik jasan, eta lehian diren 52.000 eserlekuetarako hautagaiak aurkeztu ditu. NDPren arabera, horien %90ean ez dute lehiakiderik izango.



2005EKO ERREFORMAREN GARRANTZIA. Urteetan irregulartasun eta manipulazio salaketa asko jaso dituzte Egiptoko hauteskundeek. 2005eko azaroko bozetan ere izan zen halakorik, gutxitu baziren ere, nazioarteko begirale taldeen esanetan.

NDPk segitu zuen nagusi izaten, 311 diputatu eskuratuta (93 gutxiago). Ondoren, Anaitasun Musulmanari lotutako independenteek -ezin dute alderdiaren izenean aurkeztu- 88 eserleku (%20) lortu zituzten, eta bestelako independenteek 24. NWP Uafd Alderdi Berriak sei ordezkari erdietsi zituen, PNUP Alderdi Unionista Aurrerakoi Nazionalak bi, eta TP Biharko Alderdiak bat. 12 eserleku oraindik banatu gabe daude. Beste hamar ordezkariak presidenteak izendatu ohi ditu, legez horretarako aukera duelako.

Legebiltzarra 1971n jarri zuten martxan, eta legeari jarraiki, haren ordezkaritzaren %50 «langile eta nekazariei» dagokie, hau da, hauteskunde barruti bakoitzeko bi ordezkaritik bat. Legegintzaldia bost urtekoa izan ohi da.

Egiptoko udal bozei dagokienez, gutxitan izan da polemikarik, baina aurtengoak lehenak dira 2005ean Konstituzioan hauteskunde legean erreforma egin zutenetik. Erreforma horren arabera, aurrerantzean presidentetzarako aurkeztuko diren hautagaiek tokiko zinegotzien sostengua izan beharko dute derrigorrez.

Anaitasun Musulmanaren kontrako debekua ez da oraingo kontua. Gamal Abdel Nasser boterean zela, 1954an, legez kanpo utzi zuen hura. Mubaraken gobernuak debekua mantentzen badu ere, nolabaiteko jarduera murriztua ahalbidetzen dio. Legebiltzarreko bigarren indarra izateaz gain, kalean indar handia du 1928an sortutako mugimendu islamista sunitak.

Hassan al Banna sufiak sortua, munduko mugimendu politiko islamistarik indartsuena eta zabalena da, hainbat herrialdetan zabaltzen joan baita. Talde ugari sortu dira adar nagusitik, hala nola Palestinako Hamas mugimendua.



«Mubarak presidenteak, itxura batean, uste du bozen emaitza ezin dela boto-emaileen esku utzi»

joe stork
human rights watcheko ordezkaria
«Bozetan parte hartzeko erabakia hartu aurretik anaien aurkako atxiloketa kanpaina hasi zuten»

hussein ibrahim
anaitasun musulmaneko buruzagia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.