NBE Nazio Batuen Erakundeak Egiptoko behin-behineko agintaritza hurbiletik jarraitu du, eta hark oinarrizko eskubideen urraketa «larria» egiten duela salatu du. Horren adibide, Alaa Abdel Fata blogari eta ekintzailearen kasua jarri du; epaiketa militar baten ostean kartzelaratu zuten. Adierazpen askatasuna eta biltzeko eskubidea bermatzeko eskatu dio Egiptoko agintaritzari, bereziki datozen azaroaren 28an egingo dituzten hauteskundeetarako.
Bestetik, indarkeriak ez du etenik Sirian. Al Asaden erregimenaren aurkako protestetangutxienez hamalau pertsona hil zituen atzo armadak. Giza Eskubideen Behatokiak azaldu du horietatik hamar Hims hirian hil zituzten — oposizioaren gune nagusia da —, eta indarkeria bertan behera uzteko eskatu dio Siriari. Oposizioko ordezkariek, gainera, Damaskoko erregimena erakundetik kanpo uzteko eta Siriako Kontseilu Nazionala soilik aintzat hartzeko eskatu diote Arabiar Ligari. Gaur bilera egingo dute, Siriaren egoera aztertzeko.
Yemenen, halaber, oposizioko milizianoeneta gobernuko tropen arteko borrokek indarra hartu dute Taiz hirian, eta gutxienez hamaika pertsona hil zituzten atzo. Horietatik hiru emakumeak ziren, eta beste bi adingabeak. Erasoak herenegun hasi ziren, ustez, oposizioaren aldekoek Yemengo poliziaren aurka tiro egin zutelako, eta haiek erantzun egin zieten. Aldez aurretik, dena den, Ali Abdala Sale presidentearen erregimenak tankeak eta artilleria astuna erabili ditu herritarren protestak deuseztatzeko. Yemengo gatazkak, baina, iragan urtarrilaren 27an hasi ziren, Tunisiako eta Egiptoko matxinaden ondoren.
Egiptoko aginteak eskubideak urratzen dituela salatu du NBEk
Siriako erregimenak gutxienez beste hamalau pertsona hil ditu, Hims hirian gehienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu