Egiptoko herritarrek armada boterean nahi duten edo erabakitzeko erreferenduma antolatuko dutela iragarri du gaur arratsean Mohamed Husein Tantatui Egiptoko armadako kontseilu goreneko presidenteak.
Aurretik Al Nur alderdiak jakinarazi duenez, Egiptoko Junta Militarrak, alderdiekin akordioa lortu ostean, "salbamendu nazionalerako gobernua" eratuko du eta armadak boterea utziko du ekainaren 30erako. Ordurako egingo lituzkete legebiltzarrerako hauteskundeak.
Al Nurren arabera, Junta Militarrak onartu egin du Esam Sharaf lehen ministroaren dimisioa. Atzo Egiptoko behin-behineko gobernuak dimisioa eman zuen, armada erabiltzen ari den indarkeria salatzeko. Aipatutako alderdiak jakinarazi du jeneralek soldaduei kontuak eskatuko dizkietela eta armadak ez duela protesten aurka indarkeria gehiagorik erabiliko. Halaber, larunbaterako egun gauetan atzemandako lagun denak askatuko lituzkete.
Bart beste hiru lagun hil dira Kairon
Bart gutxienez beste hiru egiptoar hil dira Kairon, protestatan. Horiekin bi dozenatik gora dira ostiralaz geroztik hildakoak. Gainera, Ismailiia herrian 60tik gora zauritu daudela esan dute albiste agentziek. Herri horretan atzo hasi ziren protestak Kairon armada erabiltzen ari den indarkeria salatzeko, eta, bide batez, Junta Militarraren dimisioa eskatzeko eta boterea zibilen eskuetan uzteko exijitzeko.
Kairon, hildakoez gain, hogei lagun zauritu dituzte bart, gomazko pilotek jota edo negarra eragiteko gasen ondorioz. Tahrir plaza inguruan izan dira istiluak protestagile eta soldaduen artean, Muhamad Mahmud kalean.
Gaur, protesta eguna
Gaurko protesta eguna eta manfiestazio handia deitu dituzte. Protestagileei aurre egiteko armadak soldadu gehiago mobilizatu eta zenbait kale itxi ditu; batez ere, Barne Ministerioaren ingurukoak. Poliziek negarra eragiteko gasa botatzen jarraitzen du, eta protesgaileek harriak botaz erantzuten dute.
Gaur gauean zehar Askatasuna, Egipto eta Egiptok mariskala kentzea nahi du oihuak entzun dira kaleetan, azken horretan Husein Tantaui Junta Militarreko buruaren dimisioa eskatuz. Istiluetan hiru atzerritar ere atxilotu dituztela esan du Egiptoko telebistak, horren esanetan molotov koktelak bota dituztelakoan.