Egiptoko armadak esan du Sinaiko operazioan ez duela hautsi Israelekiko akordioa

Armadaren bozeramaileak azaldu duenez, Tel Avivekin elkarlanean ari dira mugako segurtasuna bermatzekoAbuztuan hasitako operazio militarraren lehen fasean 32 lagun hil ditu armadak

Arnaitz Lasarte.
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Egiptoko armadak ez du hautsi Israelekin 1979an adostutako bake akordioa, abuztuaz geroztik Sinaiko penintsulan egiten ari den operazioan. Hala esan du Ahmed Mohammed Ali militarren bozeramaileak, Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak armadaren buruzagitza aldatu zuenetik egin duen lehen agerraldian. Israelgo Gobernuak lehengo astean esandakoa gezurtatu du Alik. Harkesan zuen «susmo txarrak» zituela Egipto Sinain egiten ari den operazioaren inguruan. Israelen arabera, Egiptoko armadakbi herrialdeen arteko akordioa urratu egin du. Hain zuzen ere, operazioa martxan jarri aurretik inolako informaziorik ez ematea leporatzen dio. «Uneoro elkarlanean aritu gara Israelekin», erantzun dio Ali bozeramaileak.

Israelek eta Egiptok 1979an sinatutako bake hitzarmenak hainbat puntu jasotzen ditu. Akordioan, 1948tik ofizialki zuten gerra egoera amaitutzat jo zuten bi aldeek, eta biolentzia ekintza guztiak baztertu egin zituzten. Horrez gain, geldituta zituzten harreman diplomatikoak eta ekonomikoak martxan jarri zituzten berriz. Bestalde, merkataritzarako oztopoak desegin zituzten, eta herritarren mugimendu askatasuna hitzartu zuten.

Beste puntu bat da, ordea, Israelen eta Egiptoren artean eztabaida piztu duena: Sinaiko penintsulari buruzkoa. Israelgo tropak Sinaitik erretiratzea adostu zuten 1979an, eta hitzeman zuten elkarlanari ekingo ziotela, bi herrialdeen arteko mugan egonkortasuna bermatzeko. Hain justu, hori ez betetzea egotzi dio Israelek Egiptoko armadari.

Sinaiko operazio militarra abuztuaren 5ean abiarazi zuen Egiptok, Israelgo mugako postu militar baten aurkako eraso batean hamasei soldadu hil eta gero. Azken asteetan, bi herrialdeen arteko tentsioa handitu da gertaera horren harira.

Anaia Musulmanek Mossad Israelgo zerbitzu sekretuei egotzi zieten atentatua. Egiptoko armadak, berriz, hasieratik talde jihadistak egin ditu erasoaren erantzule, eta «ekintza terroristak amaitzeko» operazio militarra hasi du Sinain. 1982an Israelgo tropak erretiratu zirenetik, lehen aldiz, militarizatu dute penintsula. Besteak beste, auto blindatuak, borrokarako hegazkinak, tankeak zein suziri jaurtigailuak ari da erabiltzen armada. «Helburuak bete arte» bertan jarraituko dutela adierazi du Alik: «Helburuak ez dira militarrak bakarrik, Sinai garatzea ere bada asmoa».

Operazioa bi fasetan banatu duarmadak, eta lehenengoa abuztuaren 30ean amaitu zuen. Atzo eman zuen Alik lehen fase horren berri. Jakinarazi duenez, armadak 32 «kriminal» hil ditu denbora tarte horretan. Horrez gain, dozenaka pertsona ere atxilotu ditu, «talde kriminalekin» lotura dutelakoan. Atxilotuei buruzko informazio gehiegi ez du eman nahi izan Alik, baina jakinarazi dutartean droga trafikoan aritzea leporatzen dieten hainbat lagun daudela, eta horietako batzuk atzerritarrak direla.

Operazioaren bigarren fasean inguru «kriminalak» deuseztea dute helburua. Armadaren arabera, horrelako 500 eremu inguru daude Sinaiko penintsulan. Bestalde, operazioa hasi zutenetik, Sinai eta Gaza lotzen dituzten 31 tunel ere itxi ditu armadak. Uste dute 225 inguru tunel daudela.

Herritar gehienak, beduinoak

Egiptoko matxinadaren ondoren, segurtasuna nabarmen gutxitu da Sinain. Gobernuak dioenez drogen, armen eta pertsonen trafikoa handitu egin da geroztik. Sinaiko herritar gehienak beduinoak dira eta pobrezian bizi dira. Mafiak eta muturreko taldeak herritarren egoera horretaz baliatzen dira beren helburuak betetzeko. Egiptoko Gobernua tribu beduinoetako hainbat buruzagirekin bildu zen abuztuan, eta operazioan laguntzeko eskatu zien. Haiek onetsi egin dute armadaren operazioa eta laguntzeko prest agertu dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.