Egiptoko armadak Sinai bonbardatu du, erasotzaileak bilatzeko asmoz

Sinai iparraldeko gobernadorea Guardia Iraultzaileko komandante kargutik kendu du Mursik

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Egiptoko armadak airez bonbardatu du Sinai, hango talde armatuen aurkako operazio batean. Helburua da eremu horretako talde armatuak aurkitzea, eta joan den igandean Gazako mugan hamasei soldadu eta polizia hil zituzten erasotzaileak atzematea. Armadak abiatutako operazioak bertsio kontrajarriak eragin ditu. Alde batetik, hango telebistak jakinarazi du armatutako hogei lagun hil dituztela. Beste alde batetik, Egiptoko segurtasun indarrek adierazi dute hiru lagun zauritu direla erasoaren ondorioz, baina ez dela inor hil. Al-Arisheko erietxeko zuzendari Sami Anuarrek, berriz, esan du hiru zaurituak erietxe horretara eraman dituztela, baina ez dutela hildakoen gorpurik bidali hara.

Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak Guardia Iraultzaileko komandante kargutik kendu du Sinai iparraldeko gobernadorea, eta Mohamed Ahmed Zaki jenerala izendatu du haren ordez. Sinaiko erasoan hildako lagunen aldeko hileta herenegun egin zen Egipton, eta Mursi ez zen hara joan, «segurtasun arrazoiengatik». Joan ez bazen ere, hileta ospatutako eremuan Anaia Musulmanen eta Mursiren aurkako manifestazioa egin zuten herritarrek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.