«Gazako blokeoak nazioarteko legea bortxatzen du ». Nabil el Arabi Egiptoko Atzerri ministro berriak kargua hartu aurretik esandako hitzak dira horiek. Haren izendapenak, hain justu, kezka sortu du Israelen, izan ere, diplomatiko beteranoa blokeoarenaurkari ezaguna da.
Egipton aukeratuko duten hurrengo gobernuaren lehentasunetako bat Gazako auzia izango da. Hosni Mubarakek Israelekin bat egitea erabaki baitzuen, Gazako hegoaldeko muga itxiz. Hauteskundeak egin bitartean armadaren esku dago Egipton boterea eta Indar Armatuen Kontseilu Gorenak herrialdeak Israelekin duen ituna errespetatuko duela adierazi du. Herritarren artean, baina, israeldarren aurkako jarrerak nagusi dira.
Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Zisjordaniako «legez kanpoko» koloniak desegiteko agindua eman du. Shalom Ajshav bakearen aldeko erakundearen proposamenari jarraiki hartu du erabakia. Helburua, kolonien kopurua murriztea dela argitu du.
Israelen aburuz, 2001etik aurrera, Ariel Sharonek agintea eskuratu zuenetik aurrera, gobernuaren baimenik gabe eraiki diren koloniak dira legez kanpokoak. Palestinarrentzat eta nazioartearentzat, aldiz, 1967ko okupazioaz geroztik eraikitako guztiak eraitsi beharko lirateke.
Horrez gain, palestinarrekin bake akordio bat sinatzekotan Israelek Jordaniako mugaren kontrola mantendu beharko lukeela adierazi du Netanyahuk, «hori baita Israelen segurtasun muga».
Bi aste gobernua osatzeko
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak, bestalde, bi asteko epea eman dio Salam Fajad lehen ministroari gobernua osatzeko.
Igandean, PAE Palestina Askatzeko Erakundeko alderdi guztiekin gobernua osatzeko baimena eman zien Abbasek alderdikideei. Hamasek ez du PAEn parte hartzen, baina.
Protestak herrialde arabiarretan
Egiptoko Atzerri ministro berriak Gazaren aurkako blokeoa gaitzetsi du
«Legez kanpoko» koloniak desegiteko agindu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu