Egiptoko konstituzio berria idazteko osatu duten ehun kideko batzordea baliogabetzea erabaki du Egiptoko auzitegi administratibo batek, laikoen abokatuen salaketari arrazoi emanez eta biltzarraren zilegitasuna zalantzan jarriz: talde horretan islamistak dira nagusi. Abokatuek argudiatu zuten batzordearen osaerak Egiptoko Konstituzioa urratzen duela, gizartea ez dagoelako behar bezala ordezkatua —besteak beste, sei emakume daude soilik—. Orain, Auzitegi Konstituzionalaren esku geratuko da kasua, eta litekeena da konstituzioaren prozesua maiatzeko hauteskundeen ondorenera atzeratzea.
Abokatuen iritziz, diputatuek ez lukete konstituzioaren testua idazten parte hartu behar; gizarte zibileko ordezkarien esku behar luke egitekoak. Anaia Musulmanak ordezkatzen dituen Askatasunaren eta Justiziaren Alderdiak, berriz, 50 legebiltzarkiderekin eta beste horrenbeste herritarrekin osatu du biltzarra: konstituzioa idazteko kontrola, beraz, musulmanen esku dago —salafistek ere ordezkaritza handia dute—. Konstituzioa idazteko arauen testuak esaten du ordezkariak legebiltzarkideek aukeratu behar dituztela, baina ez eurek izan behar dutela, eta aukera asko ematen ditu interpretaziorako. Legebiltzarkideek erabakiari helegitea ezarriko diotela aurreratu dute.
Duela bi aste batzordea osatu zutenean indar laikoek haren lanari boikota egitea erabaki zuten, kontrola islamisten esku zegoelako, eta lehen bi bileratan 30 ordezkari baino gehiago ez ziren joan. Laikoek ez ezik, eskola profesionaletako hainbat ordezkarik eta kristau koptoek ere ez parte hartzea erabaki zuten.
Joan den astean hainbat saio egin zituzten krisiari aurre egiteko, eta Anaia Musulmanek euren aldeko hainbat ordezkari kendu eta laikoek ordezkatzea onartu zuten, erabakiak oztopatzeko gutxiengo bat ezarrita, baina egitasmoak ez zuen konbentzitu, are gutxiago, Al Ahram egunkariak emandako informazioaren ondoren. Egunkari horrek esan zuenaren arabera, Anaia Musulmanek legebiltzarkideen artean ehun kideren izenen zerrenda banatu zuen bozketa izan baino ordu batzuk lehenago.
Hauteskundeen atarian
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia kendu zutenez gero trantsizio gobernuak hartutako erabakien inprobisazioa ez da izan beti gustukoa, eta maiatzaren amaierako hauteskundeak gerturatu ahala nabaritzen hasiak dira kolpeka hartutako erabakien ondorioak. Erreferendumean onartu zituzten gutxieneko oinarri konstituzional batzuk, eta, ondoren, Junta Militarrak konstituzio berria idazteko oinarriak ezarri zituen, Egipton zeresana izango zuten ehun jakintsuren izendapena barne, baina prozesu konstituziogile osoak hutsune asko dauzka.
Joan den astean Omar Suleiman Hosni Mubaraken zerbitzu sekretuetako arduradunak bere hautagaitza aurkeztu izanak ere ez du lagundu giroa baretzen. Hauteskunde Batzordeak emandako epea amaitzen ari zela aurkeztu zuen hautagaitza, eta hainbatek interpretatu dute Mubaraken garaiko ordena berreskuratzeko militarren ahalegina dela.
Jairat al-Xater Anaia Musulmanen hautagaiak ere kritikatu du erabakia. Militarren eta islamisten harremana ona izan da orain gutxi arte, baina azkenaldian bata bestearen kontra ari da. Anaia Musulmanek, berriz, iaz, legebiltzarretako bozen harira, ez zirela alderdi gisara aurkeztuko esan zuten, musulman ororen ordezkari zirelako, baina iritzia aldatu dute.
Egiptoko Batzorde Konstituziogilea baliogabetu egin du auzitegi batek
Abokatu laikoek salaketa jarri zioten biltzarraren osaerari, gizartea ordezkatzen ez duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu