EGIPTO

Egiptoko behin-behineko gobernuak ez du baztertzen salbuespen egoera deklaratzea

Al-Ahram egunkariak jasotakoaren arabera, larrialdi egoera deklaratzeko aukeraz galdetuta, ofizial batek baieztatu du ezin duela "aukera hori baztertu" .

2013ko uztailaren 29a
20:05
Entzun

"Ezin dugu aukera hori baztertu: posible da. Gertakarien progresioaren arabera ikusiko dugu", erantzun dio Egiptoko ofizial batek larrialdi egoera deklaratzeko aukeraz galdetu diotenean, Al Ahram egunkariak argitaratu duenez. Izan ere, larrialdi egoera deklaratzeko zurrumurruak izan dira asteburuan, Adli Mansur presidenteak zibilak atxilotzeko eskumena armadari eman dionean. Horrez gain, Hazem el-Beblaui behin-behineko lehen ministroari "zenbait pribilegio" ere eman dizkio, larrialdi egoera deklaratzearena, tartean —estatuko buletin ofizialean txertatu dituzte aldaketa horiek—.

Salbuespen neurri hori "segurtasun nazionala" arriskuan balego soilik hartuko dutela iragarri dute Egiptoko agintariek, "nahiago dutela larrialdi egoera ez deklaratu". El-Beblauik larrialdi egoera deklaratzeko eskumena izateak ez omen du esan nahi deklaratuko duenik, ez baita hori euren asmoa: "Lege arruntek indarrean jarraitzea nahi dugu, salbuespen egoera hori gorrotagarria baita".

Mursiren jarraitzaileak, gaur eta bihar mobilizaziora deituak

Legitimazioaren Defentsarako Aliantza Nazionalak dei egin die herritarrei gaur eta bihar kalera ateratzeko, bihar batez ere, Kolpearen martiriak lelopean egingo den manifestaziora. Deialdi horien bitartez, azken "sarraskietako martirien eskubideak" aldarrikatu nahi dituzte, islamistek jakinarazi dutenez: ostiral eta larunbat bitartean 80 pertsona hil ziren Egipton. Ez dute zehaztu oraindik biharko manifestazioa nola egingo duten, baina bai gaurkoa: segurtasun neurrien egoitzetara martxak egingo dituzte manifestariek, eta hilkutxak eramateko proposatu diete, "Barne Ministerioak manifestari baketsuen aurka egindako ekintza kriminal eta tiroketak" salatzeko.

Armadak helikopteroz panfleto batzuk jaurti zituen Rabea al-Adauiya eta Al-Nahda plazara —islamistak kanpalekua dute horietan—. "Euren segurtasuna babesten" laguntzeko galdegin die horien bidez Mursiren jarraitzaileei, eta eskatu die ez ditzala inork "bortxaketara eta suntsipenera gidatu". Defentsa Nazionalerako Kontseiluak, Adli Mansur Egiptoko behin-behineko presidentea buru, bilera bat izan zuen atzo gauean, herrialdeak duen tentsioari nola aurre egin erabakitzeko. Kontseilu horrek Mursiren aldekoak ohartarazi ditu, esanez protestak "begiratuko" dituela eta neurriak hartuko dituztela "legearen inolako bortxaketarik" balitz.

Gatazka etenik gabekoa da Egipton. Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako ordezkaria Egipton izango da gaur, momentuko agintariekin eta Anaia Musulmanen ordezkariekin herrialdeko egoera aztertzeko (Anaia Musulmanek estatu kolpea eman zutenekin negoziatzea onartu zuten, Europaren bitartekaritza izanez gero). Bien bitartean, al-Hayat egunkariak argitaratu duenez, armadak esan du bere bide orria ez dela "negoziagarria", eta ez dutela onartuko hori ukitzerik, EBk esaten duena esaten duela. Albiste horretan bertan esaten duenez, armadaren ustez Anaia Musulmanek nahi dutena "immunitatea da, atxilotu edo jazarri ez ditzaten, eta hori ere ez dugu onartuko". Nabil Fahmi Atzerri ministroak, gainera, esan du Anaia Musulmanek "politikan" aritu beharko luketela, "eta ez istiluetan".

Atxiloketa gehiago

Al-Wasat alderdi islamista moderatuko bi agintari atxilotu ditu Egiptoko armadak, Abulaeila Madi alderdiko presidentea eta Esam Sultan lehendakariordea. Eraikitze bidean den eraikin batean gordeta zeudela atxilotu ditu armadak, alboan "diru kopuru handia" zeramatela (eurotan): Tora kartzelara eraman dute —han dago Hosni Mubarak diktadore ohia, adibidez, eta han sartu nahi dute Mursi bera ere—. "Bortxakeria bultzatzeagatik" atxilotu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.