Egiptoko Fiskaltzak herrialdetik ateratzeko debekua ezarri die gaur arratsaldean Hosni Mubarak presidentearen agintaldian gobernu eta ardura postuetan izan diren zenbaiti; horien artean daude Habib el Adli Barne ministro ohia eta Ahmed Ezz Alderdi Demokratikoko zuzendaria. Gainera, "herrialdeak egonkortasuna eta segurtasuna berreskuratzen duen arte" haien diru kontuak blokeatu ditu.
Izan ere, gaur berriro ari dira gertatzen istiluak. Egiptoko oposizioak gaur eguerdian esan du gezurra dela Hosni Mubaraken gobernuarekin elkarrizketak hasi dituela. Gobernuak aurretik azaldu du Omar Suleiman presidenteordea hasia dela oposizioko alderdiekin hizketan. "Informazio hori faltsua da", esan du Ghad alderdiko agintari Aiman Nur-ek. Gainera, azpimarratu dute Kairon Tahrir plazan istiluak eteten ez diren bitartean inolaz ere ez dutela gobernuarekin negoziatuko.
Hain justu, bost pertsona hil dira gaur goizaldean Tahrir plazan, Hosni Mubarak presidentearen aldekoek kontra daudenei tiro egin dietenean, eta arratsaldean hiru. Oposizioko kideen arabera, hiru lekutatik egin dute tiro goizean, eta hamahiru pertsona ere zauritu dituzte. Protestak hasi zirenetik, 145 lagun zendu dira. Milaka dira zaurituak.
Erasoak izan arren, milaka pertsonak jarraitzen dute Tahrir plazan elkartuta, Mubaraken dimisioa eskatzeko, Al Jazeeraren irudietan ikus daitekenez. "Modu batera edo bestera Mubarak botako dugu" eta "ez du amore emango, ez dugu geure burua salduko" oihu artean. Gaurko manifestaziora deitu dute, Tahrir plazatik Mubaraken jauregira arte, baina jende andana batu da, eta armadak tiroak egin ditu airera, berri agentzien arabera.
Egiptoko armadak tankeak sartu ditu Kairoko Tahrir plazan, goizaldeko tiroketaren ondorioz; baina Al Jazeera-k jakinarazi duenez, soldaduek ez dute esku hartu. Mohamed el Belgati Anaia Musulmanetako kideak esan du manifestazio baketsuak "kaos" bihurtzen ari direla. Mohamed El Baradei Bakearen Nobel saridunak krimenak egitea aurpegiratu dio Mubaraken erregimenari: "Herriari aukera egiteko eskatzen ari zaio: bera edo kaosa".
El Baradei, aurkezteko prest
Hain zuzen, El Baradei prest agertu da iraileko presidentetzarako hauteskundeetan bere burua aurkezteko, jendeak horrela eskatuz gero. The Daily Telegraph egunkariari eskainitako elkarrizketa batean demokrazia eskatu du Egiptorentzat, eta Mubaraken gobernua "gaizkilea eta hiltzailea" dela salatu du. Hauteskunde horietara ez aurkezteko erabakia iragarri du Mubarakek, baina horrek ez ditu protestak gelditu.
Anaia Musulmanei buruz, berriz, ukatu egin du muturreko islamistak direla, eta, erlijioari dagokionez kontserbadoreak diren arren, "gizarte zibil batean egin nahi dute lan". Horregatik, ukatu egin du Egipto Iranen moduko erregimen islamista bat bihur daitekeela; hala erantzun die Israelek egindako salaketei.
Protestak Egipton
Egiptoko fiskalak herrialdetik ateratzeko debekua ezarri die Mubaraken erregimeneko hainbat arduraduni
Herrialdeak egonkortasuna eta segurtasuna berreskuratu arte haien diru kontuak blokeatu ditu fiskalak. Egiptotik atera ezin direnen artean daude Habib el Adli Barne ministro ohia eta Ahmed Ezz Alderdi Demokratikoko zuzendari ohia. Arratsaldean beste hiru lagun hil dira Kairon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu