Abdel Fatah al-Sisi mariskala presidentetzarako hautagai noiz aurkeztuko zain daude Egipton. Hazem el-Beblaui lehen ministroak eta gobernuko ministro guztiek jada dimisioa eman diote Adli Mansur presidenteari, amaitutzat jo baitute militarrek Mohamed Mursiren kontra estatu kolpea eman ostean ezarritako bide orriaren aurreneko etapa.
Behin-behineko gobernuak dimisioa emateak Al-Sisi mariskalak presidentetzarako hautagaitza aurkeztu aurreko urratsa izan behar luke. Egiptoko Defentsa ministroak ukatu egin zuen, Mursi agintetik kendu berritan, haren lekua hartzeko asmorik zuela, baina azken hilabeteetan gero eta argiago erakutsi du presidentetzara lehiatzeko nahia, nahiz eta inoiz ez duen hitzez hitz esan aurkeztuko dela.