Iturri ofizialek eman dute Ibrahim Mehleb lehen ministroak zuzendutako gobernuaren dimisioaren berri. Ministro berriak izendatu bitartean, karguan jarraituko du behin-behinean gobernuak. Sherif Ismail Petrolio ministroari eskatu dio Al-Sisik gobernu berria osa dezala, eta astebeteko epea eman dio horretarako.
Alaa Yusef presidentetzaren bozeramaileak azaldu duenez, gobernuaren azken hilabeteetako jardunaren inguruko txosten bat aurkeztu duen bileran eman du dimisioa Mehlebek.
Ez dute dimisioaren arrazoien berri eman; edonola ere, Mehleben eta gobernuko gainerako ministroen jarduna goraipatu du Al-Sisik. "Aberriaren historiarentzat une zaila" dela esan du. 2014ko otsailetik zen lehen ministro Mehleb.